Politika -

Isabel Carrascoren hilketa

Gonzalez, haren alaba eta Raquel Gago, Carrasco hiltzeagatik errudun

Zinpeko epaimahaiak Isabel Carrascoren hilketagatik errudun jo ditu Montserrat Gonzalez, haren alaba Triana Martinez eta Raquel Gago udaltzaina.

Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidente ohiaren hilketa argitzeko epaiketa. Argazkia: EFE
Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidente ohiaren hilketa argitzeko epaiketa. Argazkia: EFE
Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidente ohiaren hilketa argitzeko epaiketa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidente ohiaren hilketa argitzeko epaiketako zinpeko epaimahaiak Montserrat Gonzalez, haren alaba Triana Martinez eta Raquel Gago udaltzaina errudun jo ditu Isabel Carrascoren hilketagatik.

Zinpeko epaimahaiak epaia eman ondotik, Emilio Fernandez kasuko fiskalak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Montserrat Gonzalezentzat eta haren alaba Triana Martinezentzat: 19 urte hilketagatik eta 3 urte armak legez kontra edukitzeagatik. Raquel Gago udaltzainaren kasuan, fiskalak 12 urtera jaitsi du kartzela eskaria eta haren defentsa abokatuak planteatutako hainbat aringarri aintzat hartu ditu.

Jose Ramon Garcia defentsa abokatuak ondorengo zigor eskaera egin du Montserrat Gonzalezentzat eta haren alabarentzat: 17 urte eta 6 hilabeteko zigorra atentatu eta hilketa delituengatik eta 2 urteko zigorra, ostera, armak legez kanpo edukitzeagatik. Abokatuak Triana Martinez behin-behinean aske uzteko eskatu du, eta epaiaren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Fermin Guerrero Raquel Gagoren abokatuak, berriz, hamar urteko kartzela zigorra eskatu du haren defendatuarentzat: 8 urte atentatu eta hilketa delituagatik eta bi urte armak legez kanpo edukitzeagatik. Raquel Gagok baldintzapeko askatasunean jarraitzea eskatu du abokatuak, ihes egiteko arriskurik ez dagoela eta indultuaren aukera dagoelako. Halaber, epaiaren aurka helegitea jarriko duela esan du.

Epaimahaikideek Carlos Alvarez epaimahaiko presidenteak egindako 84 galderari erantzun behar izan diete eta erantzun horiek epaia emateko oinarri gisa erabili dituzte.

Montserrat Gonzalezen eta Triana Martinezen kasuan, zinpeko epaimahaiak frogatutzat jo du, aho batez, egozten zitzaizkien hiru delituetan zerikusia zutela. Bestalde, Raquel Gagori dagokionez, bederatzi epaimahaikideetatik zazpik errudun jo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainia bideoak Epaiketak bideoak Gaurko azken ordukoa