Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
"Lasaitasuna" eskatu du EAk Arabako EAJrekin bildu ostean
Alderdiko Zuzendaritza Nazionala datorren astelehenean bilduko dela jakinarazi du Eusko Alkartasunak, EAJk bileran emandako datuen berri emateko.
Erredakzioa
Arabako ustezko ustelkeria kasuaren sumario-sekretua kendu bitartean "lasaitasuna" eskatu du gaur Eusko Alkartasunak (EA), "gai korapilatsu hau patxadaz aztertu ahal izateko".
Ustezko ustelkeria kasuaren ondorioak aztertzeko bildu dira arratsaldean EAJko eta EAko Arabako Zuzendaritzak. Ustezko ustelkeria auzian Eusko Alderdi Jeltzaleko zortzi inputatu dira, besteak beste, Alfredo de Miguel Administrazio Lokaleko diputatu ohia.
Bilera egin den tokiaren berri ez dute eman eta EAk prentsa ohar bat bidali du amaitu ostean. Bi alderdiak Arabako Foru Aldundiko Gobernuan dira, Xabier Agirre (EAJ) presidente delarik.
Alderdiko Zuzendaritza Nazionala datorren astelehenean bilduko dela jakinarazi du Eusko Alkartasunak oharrean, EAJk gaur eman dituen datuen berri emateko.
Bilera hau egitea iragan astelehenean eskatu zuen EAk, EAJk emandako azalpenak nahikoa ez zirela erabaki ostean. Zortzi lagun inputatuta dira auzian, funtzionario-eroskeria, eragimen-trafikoa eta kapitalen zuritzea egotzita.
Bilera astelehenean
Bilerako partehartzaileek EAko Zuzendaritza informatuko dute astelehenean, "egitasmo amankomun batean EAJrekin batera lanean jarraitzea edo ez erabakitzeko".
Bi ordezkaritzen arteko batzarra amaitu ostean, Araba Buru Batzarrak ez ohiko bilera egin behar zuen, baina prentsari edukiaren berri emango ez diotela jakinarazi dute EAJko iturriek.