Politika -
Eusko Legebiltzarrean
PSEren eta PPren arteko eztabaida, 'Faisan kasuaren' harira
ETAren aurkako borrokan "metodo faltsuak" erabili izana kritikatu du Urquijok (PP). Pastorrek (PSE) berriz, gobernua "ahultzeko"asmoz "Mayor Orejaren bidea" jarraitzea egotzi dio.
Erredakzioa
''Faisan kasua''ren inguruko "gertaerak argitzea" eskatzen zuen PPren ekimenagatik , PSE eta PP alderdiko ordezkariak ika-mikan ibili dira Eusko Legebiltzarrean.
ETAko kideen atxiloketa ekiditearren "abisua" eman zietela "ziurtzat" jotzen du Carlos Urquijok (PP). Bere aburuz, ETAren aurkako borrokaren historiako pasarterik "larrienetako" bat da eta "metodo faltsuen" erabilera salatu du.
Horrez gain, popularren parlamentariak "etorkizunean, Zuzenbide Estatuaren zilegitasuna deuseztatzen dituzten antzeko jarduerak ekiditeko" deia egin dio Zapateroren Gobernuari.
Bere aldetik, Jose Antonio Pastor "Mayor Orejaren bidea" jarraitzea aurpegiratu dio Urquijorii., PPk "gobernua ahultzeko" asmoz ETAren kontrako borroka "alderdikeriaz" erabiltzea egotzi dio ordezkari sozialistak.
Halaber, PPren ekimena Zuzenbide Estatuarekin "bateraezina" dela adierazi du Pastorrek. Horrez gain, "borroka politikoan ez du dena balio, gurutzatu ezin diren marra gorriak daude eta horietako bat Justiziaren independentzia da", esan du ordezkari sozialistak.