Politika -
Katalunia
Atzerri Kontseilaritzari eutsiko dio Kataluniako Gobernuak
Carles Puigdemontek nabarmendu duenez, Konstituzionalaren baliogabetzea gorabehera, Romevak kontseilari izaten jarraituko du.
AGentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak iragarri duenez, Auzitegi Konstituzionalak Atzerri Kontseilaritza behin-behinean baliogabetzeko hartutako erabakiak ez du ondorio praktikorik izango, Kataluniako Gobernuak "kanpo harremanei" eutsiko die eta Raul Romevak Atzerri kontseilari izaten jarraituko du.
Konstituzionalak Kontseilaritza behin-behinenean baliogabetzeko hartutako erabakia jakinarazi eta biharamunean egin ditu adierazpenok Puigdemontek, Kataluniako Parlamentuan egin duten kontrolerako saioan.
Kataluniako presidenteak horrela erantzun dio Xavier Garcia Albiol PPko bozeramaileak baliogabetzearen harira egindako galdera bati: "Ez izan zalantzarik, Gobernuak kanpo harremanei eutsiko die eta Romevak kontseilari izaten jarraituko du".
Puigdemonten esanetan, Espainiako Gobernuaren eta Konstituzionalaren erabakiek independentziaren aldekoen asmoak indartu baino ez dituzte egiten, eta Gerard Pique Bartzelona futbol taldeko jokalariaren esaldi bat erabili du, moldatuta, egoera azaltzeko: "Eskerrik asko Auzitegi Konstituzionala, zurekin hasi zen dena".
Kataluniako presidenteak defendatu duenez, Kataluniak baditu kanpo harremanetan aritzeko eskuduntzak eta "argi eta garbi daude jasota" Estatutuan. Hortaz, Atzerri Kontseilaritza Konstituzioaren araberakoa da, eta Auzitegiaren behin betiko ebazpenak ere hori esango du.