Politika -
"Arduragabekeria"
"Gertakari politikotzat" jo ditu Aresek Mayor Orejaren hitzak
Gobernu Sozialistak eta ETAk negoziazioaren "bigarren atala" abian dutela adierazi zuen Jaime Mayor Orejak. Gobernuak 2012ko hauteskunde orokorrak irabazteko "ETAren laguntza" nahi duela esan du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak "gertari politikotzat" eta "arduragabekeriatzat" jo ditu Jaime Mayor Oreja PPko eruodiputatuaren adierazpenak.
Gobernu Sozialistak eta ETAk negoziazioaren "bigarren atala" abian dutela adierazi zuen atzo Jaime Mayor Orejak, Alderdi Popularrak Europar Parlamentuan duen ordezkariak. Gobernuak 2012ko hauteskunde orokorrak irabazteko "ETAren laguntza" nahi duela esan du.
Aresen hitzetan, "ETA eta Mayor Oreja jauna dira elkarrizketaz hitz egiten duten bakarrak; eta Mayor Orejak azaldu beharko du".
"Dena den, gainerako demokratak, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta hiritarrak ETAri aurre egiteko batasuna bilatzen" ari direla esan du Aresek.
Radalfo Aresek Antonio Basagoitiren hitzak goraipatu ditu: Basagoitik Mayor Orejaren iritziaren aurrean "errespetua" adierazi zuen, baina, "gaur egun" bai Espainiako Gobernuak eta baita sozialistek ere ETAren "suntsipena" bilatzen ari direla azpimarratu zuen.
"Basagoitiren adierazpenekin gelditzen naiz, gertatutakoaren adierazgarri baitira", adierazi du.