Politika -
ETAren hilketa Frantzian
Patxi Lopezek gaitzespena eskatu die "abertzale erradikalei"
Lehendakaria sektore horri zuzendu zaio, jendarmearen hilketaren ostean, "argi hitz egin dezaten, izan ere, ez dago anbiguotasunean ezkutatzeko itzalik".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendariak gogor gaitzetsi du ustez ETAk hil duen jendarmearen heriotza eta "abertzale erradikalei" indarkeria gaitzestea eta demokrazian lan egitea eskatu die.
Lehendakaritzan irakurri duen adierazpen instituzional batean, Patxi Lopezek esan du "ETAren hilketa berri baten aurrean" ezin dela "hizkuntzarekin jolastu indarkeria terroristaren gaitzespen borobila ezkutatzeko".
"Demokrata guztiok gaitzetsi eta aurre egin behar diogu terrorismoaren indarkeria totalitarioari. Indarkeria terrorista berehala amaitzea nahi dugu", adierazi du.
Gaur "terrorismoaren beste biktima bat gehiago" dagoela azaldu ostean, ETAren "amaiera gertuago" dagoela esan du. "Egun gutxi geratzen zaizkie eta asko izango dira kartzelan igaroko dituzten urteak", gaineratu du.
Gainera, "abertzale erradikal guztiei" zuzendu zaie "argi hitz egin dezaten, izan ere, ez dago anbiguotasunean ezkutatzeko itzalik". "Indarkeria errefusatu eta gaitzetsi behar duzue eta demokrazian lan egin ETA deuseztatzeko; bestela, demokraziatik, politikatik eta oso duina den euskal gizartetik kanpo geratuko zarete. Aukera bat egin behar duzue, baina berehala", Lopezen esanetan.
Lehendakariak hilketa gaitzesteko ekitaldietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Nafarroako Gobernua, ETA "denon artean" garaitzearen alde
Nafarroako Gobernuak "oso gogor" gaitzetsi du bart ustez ETAk egin duen atentatua, eta Alberto Catalan bozeramaileak esan du "denon artean" garaituko dutela.
Era berean, Foru Gobernuak elkartasuna helarazi die hildakoaren sendiari eta Frantziako Jendarmeriari, eta "babes osoa" agertu dio Frantziako Gobernuari "terrorismoaren kontra duen arduragatik”.
Nafarroako Gobernuak indar demokratikoen batasuna eskatu du, eta "ezinbesteko" jo du bi estatuetako indar polizialek eta judizialek elkarrekin lan egitea "gaitz hori amaitzeko".