Politika -
Auzitegi Nazionalean
'Argala'ren omenaldia ekitaldi politikoa izan zela esan du Erkiziak
Arrigorriagan ETAko kideari egindako omenaldi batean ustez terrorismoa goraipatzeagatik auzipetu du Garzon epaileak.
Erredakzioa
Tasio Erkizia ezker abertzaleko buruzagi historikoak Auzitegi Nagusko Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratu du gaur goizean. Jose Miguel Beñaran ''Argala'' ETAko kideari egindako omenaldi batean terrorismoa goraipatzea leporatu dio epaileak. Erkiziak azaldu duenez, omenaldia "ekitaldi politiko bat besterik" ez zen izan.
Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia elkarteek ez dute kautelazko neurririk eskatu Erkiziaren aurka.
Dignidad y Justicia elkartearen galderak erantzuteari uko egin dio Erkiziak, "sinesgarritasunik eta ohorerik ez duelako".
Bere egunean, Arnaldo Otegiri ere espetxe zigorra ezarri zioten ''Argala''ren omenez egindako ekitaldi beragatik.
Bestalde, Zapateroren Gobernuari ezker abertzaleko erakunde politikoarekin hitzegiteko eskatu dio Erkiziak Madrilen. Aldi berean, Espainiako Gobernuari leporatu dio jazarpen politikan aritzea.
Dignidad y Justiciak 2009ko otsailean aurkeztu zuen Erkiziaren aurkako salaketa, ''Argalari'' buruz ''gorak'' botatzeagatik, Arrigorriagan egin zioten omenaldian (2008ko abenduan). Ekitaldia izan eta hurrengo egunean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak txosten bat egiteko eskatu zion Ertzaintzari, ETAko kideari omenaldia egin zioten edo ez zehazteko.