Politika -

Velascoren autoa

Chavez: "Venezuelako ETAko kideak ez daude terrorismo jardueretan"

Venezuelako presidenteak gogorarazi du Venezuelan dauden ETAko kideak 1989an bi gobernuek adostutako akordio baten ondorioz joan zirela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hugo Chavez Venezuelako presidenteak berriz ere kritikatu du bere Gobernuak, ETAk eta FARCek aliantza bat zuten zantzuak daudela dioen eta Eloy Velasco epaile espainiarrak kaleratu zuen autoa. Are gehiago, bere esanetan, 1989an Venezuelara iritsi ziren ETAko kideek ez dira "jarduera terroristetan" parte hartzen ari.

"Zertarako erantzungo diot [galdera] horri, hain ergela iruditzen zait, ezen ez baita ezta erantzun behar ere", esan du Chavezek, gai honi buruz kazetariek galdetu diotenean, Alexander Lukashenko Bielorrusiako presidentearekin batzartu eta gero.

Bere ustez, Eloy Velascok irekitako auzia ·"erokeria" da, "ez baitago akusazioa sostengatzeko froga bakar bat ere".

Hori horrela, Chavezek gogorarazi du Felipe Gonzalez eta Carlos Andrés Pérez garai hartan Espainiako eta Venezuelako presidenteak zirenek adostu zutela bigarren herrialde horrek ETAko kideak hartzea. "Orain venezuelarrak dira eta seme-alabak eta bilobak dituzte", gaineratu du.

"Seguru gaude ez dutela parte hartu terrorismo jardueretan", esan du, 1989an Venezuelara joan ziren 11 ETAko kideen harira.

Nolanahi ere, "beste gauza bat frogatuko balute", hots, "froga ukaezinak eskuan", "egoera aldatu egingo litzateke".

Velascoren ikerketa

Velasco epaileak ETAko eta FARCeko ustezko kide batzuk auzipetu zituen martxoaren 1ean, Espainian Kolonbiako goi-kargudunen aurka atentatuak egiteko xedez elkarlanean egotea egotzita.

Astelehen honetan, epaileak auzipetutakoak atxilotzeko nazioarteko aginduak igorri ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea