Politika -
Gobernua osatzeko urratsak
Inbestidurarako hautagaiaren bila, erregea alderdiak hartzen ari da
ERC eta EH Bildu ez dira batzarrera joango. EAJ bihar hartuko ditu Felipe Vi.ak. Iglesias, Sanchez eta Rajoy, ostiralean.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko hauteskunde orokorretan Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdiekin bilera sorta hasi du du Felipe VI erregeak. Asmoa gobernua osatzeko inbestidura saiorako hautagaia nor izan daitekeen aztertzea da. Berez, indar politiko guztietako ordezkariak daude deituta, baina EH Bilduk eta ERCk uko egin diote parte hartzeari. Koalizio abertzaleak argudiatu duenez, bere militanteak ez dira "Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoaren sinbolo handienaren mendeko" sentitzen. Katalanek ere muzin egin diote erregeak Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea ez hartzea erabaki zuela-eta protesta egiteko.
Juan Carlos I erregeak egin ohi zuen bezala, alderdi txikienetik hasiko du erronda Felipe VI.k ere. Hala, Pedro Quevedo Nueva Canarias alderdiko bozeramailearekin bildu da lehendabizi. Quevedoren hitzetan, erregea agertoki parlamentario "konplexuarekin arduratuta" dago.
Batzarrak ostiralean bukatuko ditu erregeak, Pablo Iglesias (Podemos), Pedro Sanchez (PSOE) eta Mariano Rajoy (PP) hartuta.
Isidro Manuel Martinez (Foro Asturias) eta Arana Oramas (Coalicion Canarias) izango dira astearte honetako beste gonbidatuak (12:00etan eta 17:00etan, hurrenez hurren).
Asteartearekin, Javier Esparza UPNko presidentearekin bilduko da erregea (10:00). Diputatu bat beharrean, alderdiko buruzagia bertaratuko da Zarzuela jauregira, Nafarroako gobernu berriak Viana Printzearen sarietan errege-erreginen presentziari uko egin diola eta, erregionalistek Koroari dioten "errespetua erakusteko".
Ondoren, Aitor Esteban (EAJ, 17:00) hartuko ditu erregeak. Estebanek Alberto Garzon IUko diputatuari (10:00etan bilduko da) aldatu dio txanda, agenda arazoak tarteko.
Asteazkenean, En Marea Galiziako koalizioaren ordezkariarekin eta Francesc Homs Democracia i Llibertat hautagaitzaren bozeramailearekin batzartuko da Felipe VI.a. Ostegunean, Joan Baldovi (Podemos-Compromis), Xavier Domenech (En Comu-Podem), eta Albert Rivera (Ciudadanos) hartuko ditu.
Bilera sorta ostiralean bukatuko du Espainiako erregeak. Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia izango da eguneko lehena (10:00), ondoren, Pedro Sanchezen txanda izango da (12:00), eta azkenik, Mariano Rajoyrena, 17:00etan.
Lehen inbestidura saioa, urtarrilaren amaieran
Behin batzarrak bukatuta, Patxi Lopez Kongresuko presidenteari deituko dio erregeak inbestidura saiorako lehen hautagaiaren berri emateko. Lopezek Bozeramaile Batzordearen bilera deituko du (gehienez jota, urtarrilaren 20rako egongo da osatuta) eta honek inbestidura saioa antolatuko du. Bilkura deitzeko epemugarik ez dagoenez, litekeena da lehen inbestidura saioa urtarrilaren amaieran egitea.
Bertan, gobernu programa azalduko du hautagaiak. Gainerako taldeen erantzunak entzunda, bozketa egingo dute Kongresuan. Hautagaiak gehiengo osoa (176 boto) behar ditu aukeratua izateko.
Babes nahikoa lortuko ez balu, 48 orduko epean beste saio bat egingo lukete. Bigarren honetan, gehiengo soilarekin nahikoa luke hautagaiak.
Bigarren bozketa honetan behar dituen botoak eskuratuko ez balitu, inbestidura saio gehiago antolatuko dira, ganberaren babesa lortuko duen hautagaia izan arte. Bi hilabeteren buruan halakorik lortzen ez bada, hauteskundeak deitu beharko lirateke berriro.
EAJk ez duela Rajoyren inbestidura babestuko adieraziko dio Estebanek erregeari
Aitor Esteban Espainiako Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak Felipe VI.a erregeari astearteko bileran esango dio EAJk ez duela Mariano Rajoyren inbestidura babestuko.
Hauteskunde egunaren biharamunean Rajoyk esan zuen "ordena konstituzionala, Espainiaren batasuna eta burujabetza nazionala" errespetatzen duten alderdiekin akordioa lortzen ahaleginduko zela eta, horren ondotik, alderdi jeltzaleak iragarri zuen ez zuela PPko hautagaiaren inbestidura babestuko.
Jeltzaleen esanetan, Rajoyk ez du hauteskunde orokorretako emaitzen "irakurketa egokia" egin, hauteskundeak irabazi arren "kapital politiko handia" galdu duelako eta "mapa politikoan eta soziologia politikoan aldaketa nabarmena" izan dela erakutsi ei dutelako hauteskundeek.