Politika -

M-11ren seigarren urteurrena

Ekainaren 27a Biktimak Omentzeko Eguna izendatu du Kongresuak

Behe Ganberak eta Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin dute, terrorismoaren biktimen omenez. Arratsaldean, ekitaldi bateratua egingo dute Kongresuan, M-11ko atentatuak oroitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak aho batez erabaki du gaur ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimak Omentzeko Eguna izendatzea. Ekimena Jose Bono Ganberako presidenteak proposatu du, gaur M-11ko atentatuen seigarren urteurrena dela eta.

Gaurko saioa amaitu eta gero, Bonok hitza hartu du, eta aipatu eguna biktimei zuzentzea proposatu du, "espainiarren artean biktimen oroimena betikotzeko".

Azaldu duenez, ekainaren 27an saioa egingo dute Ganberan biktimak omentzeko, eta berdin egungo dute hurrengo urteetako egun berean.

Gainera, gaur Terrorismoaren Biktimen Egun Europarra dela eta, Kongresuak eta Eusko Legebiltzarrak minutu bateko isilunea egin dute.

Arratsaldean, ekitaldi bateratua Kongresuan

17:00etan, ekitaldi bateratua egingo dute Kongresuan. Besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea; Jose Bono Kongresuko presidentea; Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidentea eta M-11ko biktimen elkartetik, Pilar manjon, Angeles Dominguez eta Angeles Pedraza joango dira.

Jose Bonok emango dio hasiera, arratsaldean. Ondoren, Pagazaurtunduak, Manjonek, Dominguezek eta Pedrazak Giza Eskubideen Adierazpenaren 33 artikuluak irakurriko dituzte.

Gainera, atentatuen biktimak izan diren hainbat umek hildako pertsona guztien izen-abizenak irakurriko dituzte. Ekitaldia amaitzeko, Bonok hitz batzuk esango ditu, eta denek minutu bateko isilunea egingo dute.

Arratsaldeko azken orduan, Erregeak harrera egingo die M-11ko biktimen elkartei.

Isiltasuna nagusi izan da gaur goizean Madrilgo Puerta del Sol-en, Erkidegoko Gobernuak 2004ko martxoaren 11n izandako atentatuen biktimak omentzeko antolatutako ekitaldian.

Goizeko lehen orduan Espainiako hiriburuan hotz handia bazegoen ere, politikaren eta justiziaren munduko hainbat pertsona hurbildu dira ''zero kilometro''-ra, eztandetan bizia galdu zuten 192 pertsonak oroitzeko.

Puerta del Sol-eko erlojuak 09:00ak jo bezain pronto, Mozarten "Requiem" doinuak jotzen hasi dira. Une horretan, Esperanza Aguirre Erkidegoko presidenteak; Alberto Ruiz-Gallardon alkateak; eta David Perez, Maru Menendez eta Gregorio Gordo PPko, PSOEko eta IUko bozeramaileek erramu-koro bat jarri dute hildakoen omenezko plakaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea