Politika -
Katalunia
Convergenciak ez du Artur Mas ez den beste hautagairik aurreikusten
"Ez da pertsonen gaineko auzia, horiek ordezkatzen dutena baizik", esan dute CDC alderdiko iturriek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian berriro hauteskundeak izatearen aukeraren aurrean Convergència Democràtica de Catalunya CDC alderdiko hainbat buruzagik baieztatu dutenez, "ez dugu Artur Mas ez den beste hautagairik aurreikusten" Generalitateko presidentegai izateko.
CUPeko zuzendaritzak betoa eman dio Artur Masi, baina "mugitzeko", hau da, beste hautagai bat proposatzeko, eskatu dio Junts pel Siri (JxS).
"Ez dago hautagai alternatiborik. Ez da pertsonen gaineko auzia, horiek ordezkatzen dutena baizik", esan dute CDCko hainbat buruzagik. Gauzak horrela, urtarrilaren 10 baino lehen Masek dimititzen ez badu, zerrendaburua izango litzateke berriro ere.
Bilerak
Bestalde, CDCko eta ERCko zuzendaritzak astelehen honetan batzartuko dira CUPek Artur Masen hautagaitzari emandako ezetza aztertzeko. Hori bai, alderdi bakoitza bere aldetik bilduko da.
Zentzu horretan, Oriol Junquerasen alderdiak (ERC) Bartzelonan egingo du bilera, eta orain arte Masi erakutsitako erabateko babesari eusten dioten edo ez erabaki beharko dute.