Politika -
Hurrengo urratsak
Masek hauteskundeak aurreratu beharko ditu
Mas ez beste hautagai bat aurkeztea da bozak ez deitzeko aukera bakarra.
Agentziak / eitb.eus
CUPeko Kontseilu Politikoak Artur Masen inbestidura saioan abstenitzea erabaki du. Hala, inbestidura saioan nola bozkatuko duten iragarri dute: hamar diputatuak abstenitu egingo dira. Orain, Junts pel Siren esku dago azken erabakia. Hautagai berri bat aurkeztu edo hauteskundeak aurreratu beharko dituzte.
Gehienez urtarrilaren 10era arte du Masek hauteskundeak deitzeko, bozak otsailaren amaieran eta martxoaren 6ra bitarte egin beharko lirateke.
Hauteskunderik ez egiteko aukera bakarra Junts pel Sik (CDC eta ERC) beste hautagai bat aurkeztea da, baina ez dirudi aukera horren alde egingo dutenik. Izan ere, ERC, CDC zein independenteek behin eta berriro esan dute euren hautagaia Mas dela.
Legearen arabera, inbestidura ekitaldiko lehen bozketa egiten denetik bi hilabetera --urtarrilak 10—hautagairik aukeratu ez badute, legealdia desegin eta jarduneko presidenteak hauteskundeak deitu behar ditu berehala. Deialdia egin eta 40-60 egunera izan behar dira bozak, horrenbestez.
CUPek ezezkoa eman zion Masi lehen bozketan eta orain, ostera, abstenitu egingo dira. Hiru aukera daude hauteskunde egunerako: otsailak 21, 28 eta martxoak 6. Parlamentuko iturrien arabera, litekeena da martxoaren 6an izatea.