Politika -
Auzitegi Nazionala
Auzipetuek ukatu egin dute Barakaldon kutxazain bat erre izana
2008. urtean egindako "kale indarkeria" ekintzengatik 33 urteko kartzela zigorra eskatu dute lau atxilotuentzat. Epaiketa astelehen honetan hasi da Auzitegi Nazionalean.
Erredakzioa
Barakaldon "kale indarkeria" ekintzak egitea leporatu dieten lau gazteen kontrako epaiketa gaur hasi egin da Auzitegi Nazionalean.
Fiskaltzak 33 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat eta 2008ko otsailaren 10ean, Barakaldon, artefaktu lehergarri bat kutxazain baten kontra jaurti izana ukatu egin dute auzipetuek.
Fiskaltzak talde terrorista osatzea, sute terrorista eta lehergailuak, eta aparatu eta substantzia sukoiak izatea leporatu die. Gainera, auzipetuek, ustez, PPko eta PSOEko zinegotzien segurtasun autoen eta Eusko Jaurlaritzako autoen matrikulei buruzko informazioa zuten.
Auzipetuek ez dituzte Fiskaltzaren galderak erantzun eta defentsari erantzunez, 2008ko otsailaren 10ean "Santutxuko ihauterietan" zeudela adierazi dute.
Fiskalaren arabera, auzipetuak "ekintza" prestatzeko bildu ziren, aurpegia kolore zuriko zapiekin eta oihalekin estali zituzten identifikazioa ekiditeko eta eskularruak erabiliz, likido sukoia zuten zenbait botila kutxazain baten barruan sartu zituzten Barakaldoko San Vicente kaleko kutxazain baten barruan. Ondoren artefaktu su-eragile bat jaurti zuten barruan, sutea sortuz, "pertsonen bizitzak arriskuan jarriz".
Zakarrontzi batera jaurtitako eskularru eta oihal zurietan aurkitutako profil genetikoei buruz, auzipetuek arropa horiek pankartak margotzeko erabiltzen zituztela adierazi dute.
Auzipetuek beste kausa batzuk dituzte zain Auzitegi Nazionalean, ''Y Taldearekin'' erlazionatuta, "ETAren helburu independentistekin eta ezegonkorrekin kolaboratzeko" eratutako taldearekin. Fiskalaren arabera, Ezkerraldean (Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi) egiten zituzten ekintzak; alderdi politikoen egoitzen, garraiobideen, bankuen, eraikuntza-enpresen eta Poliziaren kontra, batez ere.
Epaiketa bihar jarraituko dute eta datorren ostegunerarte luzatuko da.