Politika -

Katalunia

Masek ohartarazi dio CUPi ez dagoela bere esku presidentea aldatzea

Azkenean CUPek Junts pel Siren proposamena onartuko duela uste du Jordi Sanchez ANCko presidenteak, nahiz eta erantzuna “dagoeneko berandu heldu”.

Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarrak neurriz erabiltzeko eskatu dio gaur Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteak CUPi. Masen arabera, hamar diputatu badira nahiko hauteskundeak martxora aurreratzera behartzeko, baina ez Junts pel Siren inbestidura proposamena aldatzeko.

CUPen igandeko batzarrean bere inbestiduraren aldekoen eta kontrakoen arteko berdinketa gertatzeak (1.515 boto) asko harritu zuela onartu du Masek Catalunya Radion.

Bestalde, azkenean CUPek Junts pel Siren proposamena onartuko duela uste du Jordi Sanchez ANCko presidenteak, nahiz eta erantzuna “dagoeneko berandu heldu”. Gertatutako guztiak prozesuari kalte egin diola esan du Sanchezek Radio Euskadin.

Azkenean CUPek Masi babesa emango diola uste du Miquel Iceta PSCko buruzagiak ere. Icetaren hitzetan, jarduneko presidenteak akordioa lortzen ez baldin badu “ikuskizuna patetikoa eta izugarria” izango litzateke.

JxSiren eskaintza aldatuko ez dela ohartarazi du Masek eta, ondorioz, koalizio antikapitalistak ezin dezakeela espero gehiago amore ematerik.

Masen esanetan, CUP aske da nahi duen erabakia hartzeko, baina onartu beharra du ez duela Generalitateko presidente bat aldatzeko behar adina indar; bai, ordea, hauteskundeak martxora aurreratzera behartzeko.

Prozesua babestu

“Erabaki garrantzitsuak CUPek hartzen baldin baditu, zenbat jende jaitsiko da prozesuaren trenetik?”, galdetu du. “Prozesua babesteko” eta “errailetatik ez ateratzeko” euren indarra neurriz erabiltzea eskatu die Masek antisistemei.

Masen arabera, “hemen ez dago inor soberan”, “prozesu bat ezin daitekeelako” pertsonak edo alderdiak “baztertuz eraiki”, “bozkatuz baizik”.

Hauteskundeak aurreratu nahi ez dituela argi utzi du jarduneko presidenteak, baina CUPek behartzen baldin baditu, “beldurrik gabe” aurre egingo die, erantsi duenez.

PSOErekin eta Podemosekin, harremanetan

Bestalde, Madrilen PSOErekin eta Podemosekin hitz egiten ari dela azaldu du Generalitateko buruzagiak. Podemosek Katalunian erreferendum bat defendatzea nabarmendu du Masek, baina “hutsaren hurrengoa” izan daitekeela ohartarazi du, Iglesiasen alderdiak Espainiako politikan “lagunik ez duelako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Alderdi politikoak Artur Mas CUP