Politika -
Donostiako Udalari
Ares: "ETAk torturak salatzeko agindu argiak ematen ditu"
Herrizaingo sailburuak ez du "bat egiten" Donostiako Udalak inkomunikazio aldia deuseztatzeko onartu duen adierazpenarekin.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du ez duela "bat egiten" Donostiako Udalak inkomunikazio aldia deuseztatzeko atzo onartu zuen adierazpenarekin eta ohartarazi du "inork, ezta Donostiako Udalak ere" ezin duela "ahaztu" ETAk torturak salatzeko "aginduak" ematen dituela.
Aresek Ertzaintzaren XXII. Promozioaren aurkezpen ekitaldian, Arkauten, Donostiako Udalak onartutako idatzia izan du hizpide. Bertan, Gipuzkoako hiriburuko Udalak bere egin ditu NBEren errelatoreak giza eskubideen eta terrorismoaren kontrako borrokaren inguruan egindako aholkuen 62. eta 63. puntuak, "inkomunikazioaren erabateko desagerpena" eskatuz.
Aresen esanetan, terrorismoaren kontrako Legea "bateragarria da inguruko edozein demokraziarekin eta bermeak eskaintzen ditu". Aresek uste du "inork, ezta Donostiako Udalak ere" ezin duela "ahaztu ETAk eta bere ingurukoek torturak salatzeko agindu argiak ematen dituela polizia guztien, Ertzaintza tarteko, kontrako kanpaina egiteko" helburuarekin.
Bahiketa asmoak berretsi ditu
Aresek gaur berretsi duenez, ETAk "bahiketa bat egiteko asmoa izan dezake".
"ETAk bahiketa bat egiteko asmoa izan dezakeela dakigunez, inor ezin da engainatu, zeren ETA ez da jarduera terrorista uzteko prestatzen ari, atentatuak egiteko baizik", ohartarazi du.