Politika -

Galdakaoko Ospitalean

Ardanza behaketan izango dute, bihotzeko bat izan ostean

Galdakaoko Ospitaleko mediku taldearen arabera, ebakuntza "arazo barik" egin dute, baina 72 orduz zainketa intentsiboetako unitatean izango dute, behaketan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Ardanza lehendakaria eta Euskalteleko presidentea zainketa intentsiboetako unitatean dago, Galdakaoko Ospitalean, goizean goiz "bihotzeko akutu" bat pairatu ostean. Ebakuntza "arazo barik" egin dutela jakinarazi dute, egonkor dagoela, baina 72 orduz zainketa intentsiboetako unitatean izango dute.

Ardanza artatu duen mediku-taldeak agerraldia egin du 11:00etan, Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordearekin batera, xehetasunak emateko. Bihar, ordu berean, beste parte mediko bat eskainiko dute, Ardanzaren egoera zein den azaltzeko.

Osasun Sailak adierazi duenez, larrialdiak koordinatzeko Txurdinagako egoitzan 07:48an jaso dute gertakariaren abisua. Gernikako anbulantzia bat bertaratu da, 08:03an, lehendakariaren Mundakako etxera. Azterketa bat egin ostean, bihotzeko batek eman diola baieztatu dute.

08:30etan, Osakidetzaren helikoptero batek etxetik Galdakaoko Ospitalera eraman dute. 20 minutu geroago ebakuntza egin diote. Azkenik, 10:50ean zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute eta bertan egongo da behaketan, 72 orduz.

Horrez gain, Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak esan du Ardanzak konortea baduela eta egonkor dagoela. Alabaina, azpimarratu duenez, "datozen orduak hil ala bizikoak dira" gaixotasunaren eboluzioa zein den jakiteko.

Bestalde, Fernandezek argitu du Ardanzarekin jarraitu duten protokolo bera erabiliko zutela ingurune horretan bizi den beste edozein herritar artatzeko.

Patxi Lopez lehendakariak gai ekonomikoetarako eratu duen batzorde aholkulariko kidea da Jose Antonio Ardanza eta kontseilu horrek gaur Ajuria Enean egingo duen lehen bileran parte hartzekoa zen.

14 urtez lehendakari

Jose Antonio Ardanza Garro Elorrion (Bizkaia) jaio zen 1941. urtean. Ezkonduta dago, eta bi seme-alaba ditu. Lehendakari 14 urtez izan zen.

1979ko udal hauteskundeetan Arrasateko (Gipuzkoa) alkate izan zen, EAJren zerrendetan hautagai independente gisa aurkeztuta. Handik eta gutxira alderdi jeltzaleko kide egin zen.

1983an kargua utzi zuen, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zuten.

1984an, EAJ barne krisi sakon batean murgilduta zegoenean, alderdi horretako Aberri Batzarrak lehendakarigai izendatu zuen. Ardanza ez zen oso ezaguna oraindik.

Lehendakari izan zen legealdietan, PSE-EErekin ere gobernatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea