Politika -

Dokumentazioa

Arnaldo Otegi: bi espetxe-zigor eta beste hiru auzibide irekita

Otegi 2009ko urria ezkero dago kartzelan. Oraindik beste hiru kasutan dago auzipetuta: Batasuna berregiten saiatzeagatik, 'herriko tabernen' sumarioagatik eta Anoetan 2004an egindako ekitaldiagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegiri bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio gaur Auzitegi Nazionalak, aurretik beste bat jarri zion eta oraindik beste hiru auzibide ditu irekita. Egun, espetxean dago, Batasunaren zuzendaritza berregite saiatzea leporatuta.

Bi espetxe-zigor

Gaur bi urteko kartzela-zigorra eta 16 urteko inhabilitazioa ezarri diote Arnaldo Otegiri, 2005eko uztailaren 9an, Amorebieta-Etxanon, Jose Mari Sagardui ''Gatza'' presoari egindako omenaldian parte hartu zuelako, terrorismoa goratzea leporatuta.

2003ko abenduaren 21ean Jose Miguel Beñarain ''Argala'' ETAko buruzagia gogoratzeko Arrigorriagan egindako ekitaldian hartu zuen parte eta horregatik ere zigortu zuen Auzitegi Nazionalak.

Zehazki 15 hilabeteko espetxealdia ezarri zion eta 2007ko ekainaren 8an Auzitegi Gorenak zigorra berretsi zuen. Otegi Martutenen kartzelatu zuten eta 2008ko abuztuaren 29an atera zen libre.

Batasuna berregiten saiatzeagatik, auzipetuta Ezker abertzaleko bozeramaileak urtebete eta hilabete pare bat egin zituen libre, izan ere, 2009ko urriaren 13an berriro atxilotu zuten, ezker abertzaleko beste zenbait kiderekin batera, ''Bateragune'' sortzen saiatzea egotzita.

Herriko tabernen sumarioan, auzipetuta

Baltasar Garzon epaileak 35/02 sumarioa ireki zuen, Batasunak ETArekiko omen duen menpekotasuna eta erakunde armatuak ''herriko tabernen'' bidez dirua lortzen duen ala ez ikertzeko. Kasu horretan ere auzipetu zuten eta Fiskaltzak 14 urteko kartzela-zigorra eskatzen du Otegirentzat.

Anoetako ekitaldiagatik, auzipetuta Eloy Velasco epaileak Otegiren kontrako ahozko epaiketa irekitzea erabaki zuen joan den urriaren 9an, Batasunak Donostiako Anoeta Belodromoan 2004an egin zuen ekitaldiagatik. Fiskaltzak 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen du, desobedientzia, legez kanpoko bilera egitea eta terrorismoa goratzea egotzita.

Arnaldo Otegik beste auzi batzuei ere egin behar izan die aurre, baina kasu horiek artxibatu egin dira, batzuetan, eta absolbitu egin dute, besteetan.

ARTXIBATUTAKO KASUAK ETA ABSOLUZIOAK

2006an, ETAren su-etena indarrean zegoela, EAEko Auzitegi Nagusiak Arnaldo Otegi auzipetu zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiarekin eta Patxi Lopez egungo lehendakariarekin biltzeagatik. 2010eko urtarrilaren 13an, Auzitegi Gorenak auzia artxibatzeko erabakia hartu zuen, bilera horietan deliturik izan ez zela argudiatuta. 2003ko irailaren 20an, Bilbon, Arkaitz Otazua ETAko militantearen (Ertzaintzarekin izandako enfrentamendu batean hil zen) aldeko manifestazioan parte hartu zuelako auzipetu zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Alabaina, 2007ko abenduan Auzitegi Nazionalak kasua artxibatu zuen.

Olaia Castresana ETAko militantearen hiletan (2001ean hil zen Torreviejan esku artean zuen lehergailuak eztanda eginda) parte hartzeagatik ere auzipetu zuten. 2007ko martxoan egin zuten epaiketa, baina absolbitu egin zuten, Fiskaltzak zigor-eskera erretiratu ostean. 15 hilabeteko espetxealdia eskatzen zuen Otegirentzat.

Ezker abertzaleko buruzagiak badu beste aurrekari penal bat: 2005ko azaroan urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak Juan Carlos I.ena erregeari "torturatzaileen buruzagia" deituta, Erregea iraintzea leporatuta. Ezker abertzaleko buruzagi bilakatu aurretik, Arnaldo Otegi ETAko kide ere izan zen. 1987an sei urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Luis Abaitua enpresariaren bahiketan parte hartzea leporatuta. 1990ko urriaren 4an atera zen kartzelatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea