Politika -

Auzitegi Nazionala

Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote Arnaldo Otegiri

Epaileak terrorismoa goratzea egotzi dio, Jose Mari Sagardui 'Gatza' ETAko presoaren aldeko omenaldi batean parte hartzeagatik. Gainera, 16 urtez kargu publikoan aritzea debekatu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Salak bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiari, 2005ean Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) Jose Mari Sagardui Gatza ETAko presoaren alde egindako omenaldian terrorismoa goratzea egotzita.

Epaileak, gainera, 16 urtez kargu publikoan aritzea debekatu dio, baina leporatzen zizkioten beste bi delituen aurrean errugabe jo du: zilegi ez den elkarteko kide izatea eta legez kanpo batzartzea.

Harekin batera akusatuen eserlekuan eseri ziren beste pertsonak, Jon Enparantza, Estanislao Etxaburu, Itziar Galardi eta Josune Irakulis hain zuzen ere, absolbitu egin dituzte.

Epaiketan, Otegik "ETAren banderarekin" hartu zuela parte omenaldian argudiatu zuen Blanca Rodriguez fiskalak.

Batasuneko bozeramaile ohiak, baina, "bide politikoen eta demokratikoen alde" egin zuen bere deklarazioan. Une horretan, Angela Murillo epaileak indarkeria gaitzesten duen galdetu zion, eta hark uko egin zion erantzuteari.

Epailearen erantzunak ("Hori jakin banekien") polemika handia piztu zuen, eta justiziaren munduko sektore batzuk horren aurka agertu ziren. Horrenbestez, Otegi zigortzekotan epaimahaia "partziala" zela salatuko zuela iragarri zuen haren defentsak.

Angela Murillok epaiketan egin zituen adierazpenak oso polemikoak izan ziren. Adibidez, saio batean, Otegik ura edan zezakeen galdetu zion Jone Goirizelaia abokatuak epaileari, eta hark zera erantzun zion: "Niri bost ardoa edaten badu ere!".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea