Politika -
Auzitegi Nazionala
Venezuelako Gobernuak ukatu egin du ETAri eta FARCi lagundu diela
Hugo Chavez presidenteak esan du ANk egin dion salaketa (ETAren eta FARCen arteko aliantza egiten "laguntzea") "iragan kolonialaren hondarra" dela.
Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak ukatu egin du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak egin dio salaketa, ETAren eta FARCen arteko aliantza egiten laguntzea, eta "akusazio onartezin" horiek "arrazoi politikoengatik" egin dituztela esan du.
Venezuelako Gobernuak horrelaxe erantzun dio Auzitegi Nazional espainiarreko Eloy Velasco epailearen autoari. Bertan, ETAko eta FARCeko zenbait ustezko kide auziperatu ditu Espainiako Estatuan Kolonbiako goi-kargudunen kontrako atentatuak egiteko lankidetzan aritzea leporatuta.
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak uste du salaketa "iragan kolonialaren hondarra" dela.
"Lepoan jarri nahi dizkiguten iraganeko kateen hondarrak dira horiek, baina gu libreak gara", adierazi du Montevideon kazetarien aurrean.
Velascok dio badaudela Venezuelako Gobernuaren "lankidetza" zantzuak FARCen eta ETAren aliantza horretan.
Ez da Felipe Gonzalez aipatzen
"Aipatu autoan, 1989ko maiatzetik Venezuelan bizi den herritar bati egiten zaio erreferentzia, pertsona hori Carlos Andres Perezek eta Felipe Gonzalezek (orduko Venezuelako eta Espainiako presidenteak) garai hartan lotutako akordio bati esker iritsi zen Venezuelara", adierazi du Venezuelako Gobernuak prentsa-ohar baten bidez.
Izenik eman ez badute ere, badirudi Arturo Cubillas ETAko ustezko kideari egiten diotela erreferentzia. Velasco epaileak auzipetuen artean sartu du Venezuelako herritar hori.
Cubillas Hugo Chavezen goi kargudun izan den emakume venezuelar batekin ezkondu zen eta Venezuelako hiritartasuna du. 2005ean Nekazaritza Ministerioko Administrazio eta Zerbitzuetako Bulegoko zuzendari izan zen.
Caracasen komunikatuan "harridura" agertu dute autoan "ez delako agertzen" Cubillas Venezuelara eraman zuen akordioaren "egileen izena". Cubillas ETAko beste hamaika ustezko kiderekin batera iritsi zen Venezuelara 1989an Aljeriatik, ETAren eta Espainiako Gobernuaren negoziaketek porrot egin ostean.
"Epaileak Hugo Chavez Venezuelako presidentearen izena behin eta berriz esan eta errespeturik gabe aipatzen du, eta salaketa alderdikoiak eta frogatu gabeak egiten dizkio Gobernuari", gaitzetsi dute prentsa-oharrean.
Epailearen salaketa Raul Reyes gerrillariari (Kolonbiako Armadaren eraso batean hildako FARCeko buruzagia) ustez atzemandako ordenagailu batean oinarritzen dela eta ordenagailu horretako informazioa Chavezen kontra salaketa gehiago egiteko erabili izan dutela azpimarratu du Gobernu hegoamerikarrak.
Zapaterok azalpenak eskatu ditu
Venezuelari azalpenak eskatu dizkio Espainiak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez.
Auzitegi Nazionaleko epailearen ekintza errespetatzen duela adierazi du Espainiako Gobernuko buruzagiak eta Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak "beharrezko gestioak" egin dituela jakitera eman du, Venezuelako Exekutiboari azalpenak eskatzeko.
"Venezuelaren azalpenak entzuteko zain gara, eta azalpen horren arabera, ekin egingo du Espainiako Gobernuak", erantsi du Zapaterok.
Uribek zuhurtzia eskatu du
Bestalde, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak "zuhurtzia" eskatu du eta epaile espainiarraren salaketari buruzko ekintzak "bide diplomatikoetatik" egiteko eskatu du.