Politika -
Estradizioari argi berdea
De Juana Auzitegi Nazionalaren esku uztea onartu du Irlandak
Espainiaren esku geratzeko prozesua abian bada ere, Belsfasteko Goi Auzitegian irekiko da helegite prozesua. Ezezkoa jasoko balu, beste aukera bat izango luke Londresko Auzitegi Gorenean.
Erredakzioa
Iñaki de Juana Chaos ETAko preso ohia Espainiako Justiziaren esku uztea erabaki du Irlandak. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak terrorismoa goratzea delitua leporatzen dio De Juanari.
Azaroaren 28tik egindako bosgarren auzi saioan Thomas Burgess epaileak Chaos Espainiako Auzitegiaren esku uztea erabaki du. Urte horretako abuztuaren 28an bere omenez Donostian egin zen ekitaldian berak&' || 'nbsp; gutun batean -Chaosek ez zuen omenaldian parte hartu- ustez ''Aurrera bolie'' esaldia idatzita terrorismoa goratu zuela uste du Velasco epaileak. Hain justu, Domingo Iturbe ''Txomin'' ETAko buruzagiak borroka armatuari dei egiteko esaten zuen esaldia dela dio Auzitegi Nazionalako magistratuak. Ulsterreko epailearen esanetan, Chaosek hitzok Erresuma Batuan esan izan balitu delitua izango litzateke Terrorismoaren aurkako Lege britainiarraren arabera.
Duela urtebete ireki zuen Burgessek estradizioaren bidea, ANko magistratuaren akusazioa aintzat hartuta. Espetxean eman dituen 21 urteren ondorioz, (3.000 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 25 hilketa burutzea egotzita) estresak jota dagoela argudiatu zuen orduan De Juana Chaosen defentsak. Espainiara eramanez gero, De Juanak berriro ere (zenbait artikulutan heriotza mehatxuak egin zituela leporatu ziotenean egin zuen baraualdia) gose grebari ekin ahal diola eta ondorioz hiltzeko arriskua dagoela adierazi zuen. Azaroan egin zuten azken auzi saioan, De Juanak trauma baten ondorengo estresa, depresioa eta nekea zuela esan zuen psikiatra britainiar batek.
Helegite prozesua, martxan
De Juana Chaos Espainiaren esku geratzeko prozesua abian bada ere, helegiteen prozesu luzea irekiko da orain. Hain justu, Belsfasteko Auzitegi Nagusian (High Court) irekiko da helegite prozesua. Auzitegi horrek De Juanaren eskaera errefusatuko balu, beste bide bat izango luke Londresko Auzitegi Gorenean.
Non dago Jon?
Duela 16 hilabete abiatutako prozesuaren ondotik, Langansiden (Belfast, Ipar Irlanda) agertu da gaur de Juana Chaos Espainiaren esku utziko duten jakiteko. 2008ko udatik bizi da ETAko preso ohia Ulsterreko hirian. Bere abokatuekin eta Irati Aranzabal bikote lagunarekin agertu da Chaos, Non dago Jon? (Jon Antza desagertutako ETAko kidea gogoratuz) galdera zuen kamiseta soinean jantzita.