Politika -
Lanuztea
Jantokietako sindikatuek greba egingo dute astean bi egunez
LABen, ELAren, CCOOren eta UGTren asmoa Patronalak eta Jaurlaritzak lan-hitzarmen kolektibo bat negoziatzea onartzea da. LABn ustez, arazoa "desagertuko" litzateke Hezkuntza sailak ardura hartuz gero.
Erredakzioa
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek datorren astetik aurrera, aste bakoitzean eskoletako jantokietan bi greba egun egingo dituztela adierazi dute, Patronala eta Eusko Jaurlaritza 3.500 langilerengan eragina duen lan-hitzarmen kolektibo bat negoziatzea onartu arte.
Lehenengo bi greba egunak martxoaren 9 eta 11 izango dira, Zuriñe Andres LABeko delegatuak esan duenez. "Urtebete baino gehiago eztabaidan" ibili ostean, Hezkuntza sailak erantzukizunik "hartu gabe" jarraitzen duela salatu du LABek. Andresen ustez, Hezkuntzak ardura hartuz gero arazoa "desagertuko" litzateke.
Sindikatuen aldarrikapen nagusiak zerbitzuaren hobekuntza, lan egunean heziketa berezitua izatea eta soldata Eusko Jaurlaritzako pertsonalarenarekin parekatzea dira, beste neurri batzuen artean.
Bestalde, Jaurlaritzak "ezarri" dituen gutxieneko zerbitzuak "arriskutsuak" direla salatu dute sindikatuek, langileen txandak aldatzerakoan, beste greba batzuetan, "alergikoak ziren haur batzuei jan behar ez zituzten jakiak eman zizkietelako".