Politika -
Kontrol-bilkura
Urkulluk batera jardutea proposatu zion Masi, estatu-eredua aldatzeko
Lehendakariak gogoratu duenez, aspalditik dauka harreman politikoa Kataluniako Gobernuko jarduneko presidentearekin.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur baieztatu duenaren arabera, Artur Mas Kataluniako presidenteari elkarrekin lan egiteko proposamena egin zion "estatu-eredu berri bat" lortzeko, baina Kataluniak bere bidea egitea erabaki zuela eta Euskadik berea erantsi du.
Eusko Legebiltzarrean gaur egin den kontrol-saioan, Kataluniako prozesu independentistaren aurrean zein jarrera duen galdetu diote Urkulluri, eta horri erantzunez plazaratu ditu Urkulluk Masi igorri zion proposamenaren nondik norakoak.
Hori horrela, UPyD alderdiko Gorka Maneiro legebiltzarkideak Kataluniako errepublika eratzeko ebazpena onartu zuen Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuran EAJren ordezkaritza egon izana izan du hizpide, eta "kolpista katalanak" babesten dituen argitzeko eskatu dio Urkulluri.
Bere aldetik, Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak hankak zikintzeko prest ez egotea aurpegiratu dio Urkulluri, Euskadik Estatuaren aurrean duen mendekotasun-egoera gainditze aldera, Kataluniako agintari nagusiek egin duten kontrara.
"Gobernu zentralarekin leiala izateagatik nabarmenduko ez litzatekeen Eusko Jaurlaritza gustatuko litzaiguke, bere herriarekin eta herri horrek dituen eskubide demokratikoekin konpromisoa azaltzen duena", adierazi du.
Lehendakariak gogoratu duenez, aspalditik dauka harreman politikoa Kataluniako Gobernuko jarduneko presidentearekin, eta legegintzaldi honetan hiru aldiz bildu direla elkarrekin gaineratu du.
Urkulluren esanetan, aipatutako kontaktu horietakoren batean elkarrekin lan egitea proposatu zion Masi, estatu-eredu berri bat lortzeko. Dena dela, aitortu egin du Kataluniak bere bidea egitea erabaki zuela eta Euskadik bere bide propioaren aldeko hautua egin zuela, "bere historiari, errealitateari eta inguruabarrei jarraikiz".
Hala ere, nahiz eta bakoitzak "bere bidean sinisten duen", Kataluniako Generalitateko presidenteak zein lehendakariak batak bestearena errespetatzen dutela argitu du.
Aldebikotasuna
Urkulluk Euskadiren eta Estatuaren arteko elkarrizketaren eta "aldebikotasunaren" aldeko apustua nabarmendu du beste behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoa aldatzeko bide gisa.
Halaber, lehendakariak adierazi du biek uste dutela estatu-eredua aldatu egin behar dela, Espainiako errealitate plurinazionala isla dezan. Urkulluk, dena den, salatu egin du Rajoyren Gobernuak elkarrizketaren "ateak itxita" izan dituela beti; ondorioz, horren aburuz, "hori bakarrik aldatuko da alderdien beste jarrera batekin eta Gobernu berri batekin", abenduaren 20ko hauteskundeen ostean. "Arazoa ez da Katalunia edo Euskadi; arazoa Madrilen dago, eta estatu-ereduaren krisian".
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia
Kataluniako legebiltzarrak, independentziaren bideari ekiteko asmoz, hartutako ebazpena bertan behera uzteko Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren gainean, Urkulluk deitoratu egin du Kataluniako erakundeen "eskabide politikoei" eman zaien erantzun bakarra epaitegietatik etorri dena izatea.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Kataluniako Ganberaren ebazpenean zein Masek egindako adierazpenetan behin eta berriz azaltzen dute elkarrizketa politiko bati ekiteko eskaintza, nahiz eta Gobernuak entzungor egiten dien proposamen horiei.
Euskal estatusa
Euskadiren kasuan, Eusko Legebiltzarreko Autogobernuaren batzorde txostengilean, autogobernu-sistemaren gaineko aldaketa adostuko dutelakoan dago. Urkulluk azpimarratu du bere xedea estatus berri bat erdiestea dela, "gure autogobernua eguneratzeko".
Urkulluk zalantzan jarri du EH Bilduk Autogobernuaren batzorde txostengilearekin "leial" jokatuko duen, eta estatus politikoa "euskal alderdien arteko adostasunaren bidez eta Estatuarekin akordioa adostuta" aldatu nahiko lukeela berretsi du.