Politika -
Katalunia
Masek ez du presidente izateko babes nahikoa lortu, bigarrenez
Asteartean bezala, Junts pel Si hautagaitzako 62 diputatuek soilik babestu dute jarduneko presidentearen hautagaitza. Gehiengo soila behar zuen, ordea. CUPek
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak bigarren inbestidura saioan ere eragotzi egin du Artur Masen inbestidura, Junts pel Siren 62 diputatuek soilik babestu dutelako. Gainerakoek kontra bozkatu dute, baina CUPek ateak ireki dizkio akordioari, jarduneko presidentearen azken eskaintzan aurrerapausoak izan direla iritzita.
Inbestidura ekitaldiaren lehenengo bozketan, aurreko asteartean, CUPek Masen kontrako botoa eman zuen, eta gaur gauza bera gertatu da. Gaurkoan, gehiengo osoa behar ez zuen arren, bere hautagaitzak 73 ezezko boto jaso ditu.
Frankismoa amaitu zenetik, lehenengo aldia da Kataluniako presidentegaiak ez duela inbestidura lortzen lehenengo bi bozketetan.
Izan ere, hirutan soilik behar izan dute Kataluniako presidenteek bigarren bozketa: Jordi Pujolek 1980an eta 1995ean, eta Artur Masek 2010ean.
Urtarrilak 10
Bozketa amaitu ostean, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak iragarri du beste bilera sorta bat jarriko duela abian Parlamentuko alderdiekin, inbestidurarako hautagai bat proposatzeko.
Hala, Kataluniako Parlamentuak urtarrilaren 10a arteko epea du presidentearen inbestidura lortzeko, eta lortzen ez badu, hauteskunde aurreratuak egin beharko dituzte nahitaez martxoan.
Eskaintza CUPi
CUPen botoak jasotzeko asmoz, Masek azaldu du atzo proposamen bikoitza egin ziola: funtzio batzuk beste agintari batzuen esku utziko zituen gobernu bateko presidente izatea, eta CUPi kargutik kentzeko aukera ematea konpromisoak betetzen ez dituela irudituz gero.
Masek "mugitzeko" deia egin dio CUPi, igarotzen den egun bakoitza independentismoaren aldeko aginduaren "kontra" doalakoan.
Antonio Baños CUPen taldeko presidenteak justifikatu egin du Masi eman dioten "ezezko lasaia", baina presidenteak egin duen azken "mugimendua" begi onez jo du, akordioa gerturatu duelako.
"Gertu daukagu", adierazi du Bañosek, akordioa ixteko "presa" dagoela onartu ondoren.
Mossoen buruak erabakiko du sedizio delituei buruz
Bestalde, Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen komisario buruak balizko sedizio delituen berri berari ematea agindu die agente guztiei, horien inguruko erabaki "guztiak" har ditzan.
Barne ohar batean, mossoei "segurtasun juridikoa" emateko irizpideak eman ditu. Izan ere, Auzitegi Nazionalak balizko sedizio delituei buruz informatzea agindu die.