Politika -
Jihadismoa
Bi atxilotu Bartzelonan, Estatu Islamikoarekin zerikusia dutelakoan
Atxilotuak gatazka zonaldeetan dauden pertsonekin ustez harremanetan zeuden sare sozialen bidez. Antza, babesa eta animoak ematen zizkieten terrorismo jihadistarekin aurrera jarraitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu Cornella de Llobregaten (Bartzelona), ustez sare sozialen bidez Estatu Islamikoarentzat militanteak errekrutatzeagatik eta doktrinatzeagatik. Operazioa ez dute bukatutzat eman.
Bi atxilotuak marokoarrak dira sortzez, baina horietako batek Espainiako herritartasuna du. Atxilotuak gatazka zonaldeetan dauden pertsonekin ustez harremanetan zeuden sare sozialen bidez, Barne Ministerioak agiri batean azaldu duenez. Antza, babesa eta animoak ematen zizkieten terrorismo jihadistarekin aurrera jarraitzeko.
Estatu Islamikoaren propagandan parte-hartze aktiboa izatea egotzi diete. Ustez, Estatu Islamikoaren propaganda zabaltzen zuten bilera pribatuetan, jarraitzaileak errekrutatzeko.
Irudiak, bideoak eta dokumentuak ikusteko profilak
Ikertzaileen arabera, erakunde terroristaren mota guztietako artxiboak (irudiak, bideoak eta dokumentuak) ikusteko profilak sortzen zituzten, eta, ondoren, beste erabiltzaile batzuei bidaltzen zizkieten, sare sozialen bidez, edo beste pertsona batzuekin zuzenean partekatzen zituzten, bilera pribatuetan.
Estatu Islamikoko kideak izateko konbentzitzen zituzten hautagaiak, ondoren gatazka zonaldeetara bidaltzeko.
Cornella de Llobregaten (Bartzelona) atxilotutako pertsona bat. Argazkia: EFE
Guardia Zibilak atxilotuen etxebizitzak miatu ditu goizean, Auzitegi Nazionaleko 1. epaitegiak eta Fiskaltzak zuzendutako operazioaren baitan.
Aste honetan Jihadismoaren aurka egin den bigarren operazioa da honakoa, atzo hiru lagun atxilotu baitzituzten Madrilgo Cañada Real txabola-herrixkan eta Vallecas auzoan.