Politika -
Alderdien erreakzioak
Euskal alderdiek gaitzetsi eta errefusatu egin dute sabotajea
Presoen inguruari eta ezker abertzaleari erasoaren aurka ager daitezela eskatu diete. Sortuk 'ezker abertzalearen estrategiatik kanpo' kokatu du gertatutakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Guztira, zortzi autobus kiskali dira gaur goizaldean Bizkaibusek Derion duen garajean, Ugaldeguren industrigunean. Sua piztu den unean, autobusak hutsik eta garajearen kanpoaldean zeuden. Su hartu duten zortzi autobus horietatik zazpi erabat kiskalita gelditu dira, eta zortzigarrenean, berriz, kalte handiak izan dira.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, gasolina eta petardo arrastoak eta Ibon Iparragirre presoari erreferentzia egiten dioten orriak aurkitu dituzte.
Alderdien erreakzioak
Gertatutakoaren aurrean alderdi politikoen euren balioespenak egin dituzte.
EAJ
Gauzak horrela, EAJk ohar baten bidez gaitzetsi du Derion autobusak nahita erre izana, eta alderdi guztiei eta ETAko presoen inguruko kolektiboei gaitzetsi dezatela eskatu die.
Halaber, EAJk adierazi duenez, ekintza horrek ez dio inondik inora laguntzen "lortu nahi duen xedea, hots, gaixo dagoen ETAko preso bat aske geratzea", baizik eta kontrakoa, ekintza horrek "argudio gehiago ematen dizkie beste espetxe-politika bat aplikatzea ukatzen dutenei".
Alderdi jeltzaleak gaineratu du horretxegatik beragatik gomendagarria eta positiboa litzatekeela euskal alderdi politiko guztiek eta ETAko presoen inguruko kolektibo guztiek ere eraso hori gaitzestea.
Sortu
Sortuk errefusatu egin du Bizkaibusen autobus batzuen arka egindako erasoa, eta baieztatu duenez jazoera hori "ezker abertzalearen estrategiatik kanpo dago".
Bere aburuz, erasoak "bakarrik egiten die onura gatazka betikotu nahi dutenei; hau da, euskal preso politikoen eskubideak egunero urratzen dituztenei".
PSE-EE
PSE-EE alderdiak ere ohar baten bidez "erabateko gaitzespena" agertu du Derion izandako autobusen erreketa dela-eta, eta alderdi politiko guztiei egin die deia egintzak gaitzesteko.
"Mota horretako gertaerak gure gizartetik ia baztertuta daude aspalditik. Gizarteak behin eta berriz azaldu da bakean oinarritutako bizikidetza nahi duela. Aitzitik, badirudi bakan batzuek ez dutela ezertxo ere ez ulertu, eta atzerapausoak egin nahi dituzte", kritikatu du.
Ildo beretik, nabarmendu du mehatxuek eta suntsiketek ez bazuten sekula zentzurik izan "orain are gutxiago dute". Horretxegatik, PSE-EE alderdiak bere elkartasuna adierazi die enpresari eta langileei.
PP
Alderdi popularraren Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile Javier Ruizen ahotan zortzi autobusen erreketa gaitzetsi du, eta EH Bilduri eskatu dio "aringarririk gabeko gaitzespena" egin dezala, eta kaleko terrorismotzat jo ditu jazoera.
"Egintza larri baten aurrean gaude, iraganeko irudiak gogorarazten dizkiguna. Baten batzuek egin nahi dituzten denbora berri baten aipamenek jarrera eta portaera berriak eskatzen dituzte, eta ematen du batzuk iraganean ainguratuta daudela eta ez dituzte garai berriak onartu nahi", kritikatu du.
Aldi berean, konfiantza azaldu du datozen hilabeteotan mota horretako ekintzak areagotuko ez direla, nahiz eta "ETAk beti egon nahi izan duen presente hauteskunde-prozesuetan, eta honako hau hori egiteko era bat izan daiteke".
UPyD
UPyDko legebiltzarkide Gorka Maneirok gaitzespena adierazi du bere Twitter kontu pertsonalaren bidez: "Gure gaitzespenik irmoena ETAko presoen alde zortzi autobus erre izanaren aurrean". Hala azaldu da mezu labur batekin. Aldi berean, zera gaineratu du: "Aurrez aurre egoten jarraituko dugu".
Ahal Dugu
Ahal Dugu alderdiak Bizkaiko Batzar Nagusietan duen Asun Merinero bozeramailearen esanetan, Derioko gertakariek ez diote bakeari eta bizikidetzari laguntzen, eta "egintza isolatua" izango delakoaren esperantza dauka.