Politika -
Foruen defentsa
Eudelek eta Jaurlaritzak 'gogor' defendatuko dute Kontzertu Ekonomikoa
Udalek eskumenak garatu ahal izateko, Espainiako Gobernuarekin “akordio politiko eta ekonomiko” horri eustea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Imanol Landa Eudeleko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Kontzertu Ekonomikoa “gogor” defendatzeko konpromisoa hartu du gaur Imanol Landa Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) presidenteak. Landaren hitzetan, EAEren eta Estatuaren arteko “akordio politiko” hori euskal herritarren “ongizaterako” eta “egonkortasunerako” bermea da.
Eudeleko zuzendaritzako kideak, Landa (EAJ) buru zutela, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu dira gaur, Gasteizen, irailean Euskadiko Udalen Elkarteko zuzendaritza berritu zutenetik aurreneko bilera instituzionala egiteko.
Bilera bukatu ondoren, komunikabideen aurrean agertu da Landa. “Oso bilera positiboa” izan dela azaldu du kazetarien aurrean Eudeleko buruak.
Udalek 2015-2019 legealdiari begira dituzten erronkak aipatu ditu Landak, besteak beste, Udalen Legea, eta bileran Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa “gogor” defendatzeko konpromisoa agertu diote lehendakariari, azken asteetan Estatuko agintari politiko batzuek foru sistemari eraso egin ostean.
Udalek eskumenak garatu ahal izateko, Espainiako Gobernuarekin “akordio politiko eta ekonomiko” horri eustea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Getxoko (Bizkaia) alkateak.
Udalen Legea
Bestalde, Eudelen “lehentasuna” Udalen Legea “errealitate” bihurtzea dela goraipatu du Landak.
“35 urte geroago, EAEko erakunde sistemak udalak berdintasunean aintzat hartzeko ordua da”, nabarmendu du Eudeleko buruak, eta, horren harian, “legea bultzatzeko” konpromisoa azaldu die lehendakariak, Landak gaineratu duenez.
Urkullurekin bildu ondoren, Eudeleko zuzendaritzako kideak Eusko Legebiltzarrera joan dira. Bakartxo Tejeria Gasteizko Ganberako presidenteak hartu ditu udaletako ordezkariak, eta Udalen Legearen proiektua aztertzen ari den lantaldeko kideekin bildu dira.