Politika -
SALAKETA
ETAko 76 preso salatu ditu Covitek, agiri faltsuak erabiltzeagatik
Egun preso daudenak edota preso izandakoak daude salatutakoen artean. Biktimen Elkartearen arabera, 'agiri akademiko faltsuak' aurkeztu zituzten, 'espetxe onurak lortzeko'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ETAko 76 presoren edota preso ohiren aurkako salaketa jarri du gaur Auzitegi Nazionalean, espetxe zigorrak murrizteko "dokumentu akademiko faltsuak" aurkeztea egotzita.
Bitkimen Elkartearen arabera, EHUn edota UNED-Bergaran ikasketak egin ahal izateko erabilitako "dokumentuak faltsutu" zituzten salatutako presoek, modu horretan "espetxe onurak" lortu ahal izateko. Covitek esan duenez, zenbait kasutan, "erdira jaitsi" zitzaien zigorra.
Auzitegi Nazionalean jarritako salaketan, Covitek dokumentuak "faltsutu direnaren frogak" aurkeztu dituela ziurtatu du. Hala, Zigor Kodearen 393 artikulua urratu dela uste du Biktimen Elkarteak. "Parot Doktrinaren baliogabetzearen ondoren, kartzelatik ateratzeko" agiri faltsuak erabili izana ere salatu du kolektiboak.
Salatutakoen artean daude Jose Antonio Lopez Ruiz 'Kubati', Candido Aspiazu, Iñaki Arakama edota Iñaki De Juana Chaos.