Politika -
Ogasun Ministerioaren txostena
EAEren eta Nafarroaren 'pribilegioak' kritikatu dituzte erkidegoek
Gainerako erkidego eta hiri autonomoen oharrak eta kexak txosten batean jaso ditu Cristobal Montorok zuzentzen duen Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak.
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren, erkidegoen finantziazio sistema erreformatzea Espainiako Gobernuaren lehentasuna izango da; izan ere, erkidego gehienek Euskadiren eta Nafarroaren ?pribilegioak? eta baliabideen eskasia kritikatu dituzte.
Erkidego eta hiri autonomoen oharrak txosten batean jaso ditu Cristobal Montorok zuzentzen duen Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak. Proposamenak finantziazioa hobetzeko oinarri bezala hartuko omen dituzte.
Erregimen komuna duten erkidegoen finantziazio sistemaren eta Euskadiren eta Nafarroaren erregimen berezien arteko elkarbizitza aztertu dute gainerako erkidegoek.
?Presio fiskal txikiagoa?
Bi erregimenen arteko desberdintasunak azpimarratu dituzte azterketetan. ?Euskadik eta Nafarroak presio fiskal txikiagoa, zerga-eskumen gehiago eta erregimen komuneko erkidegoek baino finantziazio askoz handiagoa dute?, nabarmendu dutenez. ?Konstituzioaren oinarrietatik at dauden finantza pribilegioak? direla gaineratu dute batzuek.
EAEk eta Nafarroak gainerako erkidegoek baino finantziazio hobea ez izatea eskatu dute erkidego batzuek. Foru erkidegoek elkartasun mekanismoak bultzatzen laguntzea nahi dute, erkidego guztiak modu egokian finantzatzen laguntzeko. Helburua oinarrizko zerbitzu publikoetan desberdintasunik ez egotea dela diote.
Beste erkidego batzuk, aldiz, bi sistemen arteko harreman baten aldekoak dira, baina foru erkidegoak erregimen komuneko irizpide berdinak izatea nahi dute.
?Desoreka eta gehiegizko finantziazioa?
Asturiasen ustez, foru erregimenen finantza-emaitza ?pribilegioa? da. Gaztela eta Leonek, berriz, Euskadik eta Nafarroak ?gehiegizko finantziazioa? dutela salatu du.
Erregimen komuneko elkartasunarekin alderatuta, EAEko Kupoaren likidazioa eta Nafarroako Hitzarmenaren ekarpena ?oso txikiak? direla azaldu dute Balear Uharteek.
Bestalde, foru erregimenak zerga-araudi propioa indarrean jartzeko gaitasun handiagoa duela uste du Kantabriak. Horrek ?desoreka? sortzen duela erantsi du.
Gaztela-Mantxaren iritizan, EAEk eta Nafarroak ?gainerakoek baino presio fiskal txikiagoa, antzeko gastua eta biztanle bakoitzeko baliabide gehiago dituzte?; ondorioz, bi finantziazio ereduen arteko elkarbizitzak ?desberdintasun handiak sortzen ditu?. Extremadurako Gobernua uste berekoa da.