Politika -
Sozialistak
PSOEk itun konstituzionala berrituko duela iragarri du Patxi Lopezek
PSOEren Ekintza Politika eta Herritartasun idazkariak esan duenez, Rajoyk beldur dio itun horren balizko erreforma bati.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Patxi Lopez PSOEren Ekintza Politika eta Herritartasun idazkariaren irudiko, PPk eta Mariano Rajoy presidenteak "beldurra diote" itun konstituzionalaren balizko erreformari. Halaber, Lopezek iragarri duenez, PSOEk itun konstituzionala berrituko du, datorren legegintzaldian horren gaineko eztabaida egin ostean.
Bilbon izandako agerraldian Lopezek adierazi duenez, Pedro Sanchez buru izanda, "sozialistok gehiengo baten liderrak izango gara, eta herrialde honek instituzioetan eta politika publikoetan behar dituen aldaketei aurre egingo diegu".
"Kontua ez da bete ezinezko utopiak proposatzea edo herritarrak engainatzea, Espainia ezberdina eta bidezkoagoa eraikitzea baizik, PPri gustatuko ez liokeen beste Espainia bat, hain zuzen ere", gaineratu du.
Itun konstituzionalaren balizko erreformari dagokionez, PPk "egun batean baietz dio, eta hurrengoan ezetz, baina egia esan, beldurra dute, eztabaida publikoari eta herritarren gehiengoaren ahotsa entzuteari beldurra diote". "Beldurra baino ez du, eta proposamen bat ere ez", gaineratu du.
"PSOEk sentimendu horrekin bat egiten du", esan du Lopezek, "eta datorren legegintzaldian itun konstituzionala berritzeko proposamena du".
Mariano Rajoyk kurtso politiko berriari hasiera eman dio igande honetan, eta horren harira Lopezek esan duenez, "Rajoyren agur-ekitaldia izan da, Rajoyren zikloaren amaiera-ekitaldia, hain zuzen ere".