Politika -

Polizia operazioa

Ertzaintzak ETAko ustezko bost kide 'legal' atxilotu ditu

Herrizaingo Sailaren arabera, "argi eta garbi" dago atxilotuek Ondarroako Ertzain-etxearen aurkako atentatuan parte hartu zutela. Polizia Autonomikoaren talde berriaren lehen operazioa izan da gaurkoa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean Bizkaian eta Gipuzkoan, ETAko kide ''legalak'' (Poliziak fitxatu gabekoak) izatea eta talde bat osatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak prentsaurrekoan informatu duenez, atxilotutakoak honakoak dira: Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Xeber Uribe, Iñaki Esnaola eta Jabier Zubizarreta. Hain zuzen ere, Ondarroan (Bizkaia), Deban eta Mutrikun (Gipuzkoa) atzeman dituzte.

Aresen arabera, "argi eta garbi" dago atxilotutakoek Ondarroko Ertzain-etxearen aurkako atentatuan parte hartu zutela. Halaber, Azpeitiko errepikagailuaren eta Abiadura Handiko Trenaren obra batzuetako makinen aurka egin izana ere egotzi dizkie.

Ertzaintzak uste du atxilotutakoak ''legalen'' (Poliziak fitxatu gabekoak eta bizimodu arrunta zutenak) talde bat osatzen zutela, baina ETAko kide ''liberatuentzat'' (Poliziak fitxatutakoak eta ETAk soldatapean dituenak) lan egiten zutela.

Operazioa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak koordinatu du, eta oraindik zabalik dago. Horrenbestez, ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea hurrengo orduetan.

Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuak Ertzaintzan sortutako talde antiterrorista berriaren lehen operazioa izan da gaurkoa. Dena dela, Herrizaingo Sailak zehaztu du operazioa oso handia izan dela eta beraz EAEko Poliziaren talde guztiek hartu dutela parte.

Barne Ministerioak zoriondu egin ditu Ertzaintza eta Herrizaingo Saila.

Agiri batean, Alfredo Perez Rubalcaba buru duen Ministerioak nabarmendu du operazio honek erakusten duela "Espainiako demokraziak eta erakunde guztiek ETA erakunde terroristaren aurka duten konpromisoa".

Atxilotutakoak polizia-etxean daude orain, agenteek noiz itaundu zain.

Miaketak

Ertzaintzak zortzi miaketa egin ditu. Atxilotuen etxebizitzak ez ezik, ezker abertzaleak Ondarroan erabiltzen duen lokal bat ere arakatu dutela esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohar batean.

Ondarroako atentatua

2008ko irailaren 21ean, ETAk 100 kilo lehergai zituen auto bat eztandarazi zuen Ertzaintzak Ondarroan duen komisarian, eta ondorioz 11 pertsona zauritu zituen, tartean hiru ertzain.

Bonba lehertu baino lehen, baina, atentatuaren egileek molotov koktelak jaurti zituzten eraikinaren aurka, agenteak kanpora atera zitezen eta eztandak bete-betean harrapa zitzan.

Rodolfo Aresek gogorarazi du "ertzainen lan onak" galarazi zuela biktimak egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea