Politika -

15 urte korta hil zutela

'Bizitakoa zintzotasunez eta beldurrik gabe aztertu beharra dago'

Korta sendiaren bozeramalearen esanetan, "elkarbizitza baketsuaren" alde ezer egin ahal izateko "gorrotorik eta axolagabekeriarik gabe aurrera begiratu behar da".

Kolore guztietako ordezkaritza Kortaren omenaldian

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joxe Mari Korta ETAk orain 15 urte hildako enpresariaren familiak "zintzotasunaren" alde egin du ETArekin azken hamarkadetan gertatutakoa "beldurrik gabe" aztertzeko; era berean, "norberaren erantzukizuna onartzea" ere eskatu du.

Jesus Mari Mugika Bidetik Fundazioaren eta Korta sendiaren bozeramaleak egin ditu adierazpenok gaur, larunbata, eguerdian ETAko biktima horren alde egindako oroimen ekitaldian, Korta enpresaren ondoan dagoen oroitarrian, Zumaian.

Mugikaren hitzetan, "herrialde honetan elkarbizitza baketsuaren alde ezer egin ahal izateko, asko dago egiteke oraindik, baina gorrotorik eta axolagabekeriarik gabe aurrera begiratu behar da".

Horren ildotik, "soilik posible izango da bizitakoa zintzotasunez eta beldurrik gabe aztertzea eta kontatzea lortzen baldin bada". Gainera, Mugikaren ustean, lortzeko beharrezkoa da "sentsibilitate guztiei hitza ematea, bakoitzak bere gain hartzea bere erantzukizuna", eta horrek erakutsi egingo du "guztiok ez dugula erantzukizun berdina".

Mugikaren arabera, "hori izango da modu bakarra aurrera egiteko eta, azkenean, saihestezina izango da". Hori dela eta, zenbat eta "arinago aitortu erantzukizuna, hobeto".

Elkarretaratzean eta ondoko lore-eskaintzan Marian Zearreta Kortaren alarguna, haien seme-alabak, Oier Korta loba eta Zumaiako alkatea, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua, Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzako idazkari nagusia eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria izan dira.

Halaber, Joxe Mendizabal Zestoako alkatea ere izan da bertan; hala nola, EH Bilduko udal taldeko ordezkariak, Denis Itxaso Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusia eta Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio ahalduna.

Era berean, Pello Urizar EAren idazkari nagusia, Alberto Unamunzaga Amaiurreko senataria, Joseba Egibar EAJren GBBko burua eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusien bozeramale jeltzalea ere izan dira. Azkenik, ETAko zenbait biktimak ere parte hartu du, esaterako, Maixabel Lasa.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa ETA gaur Zumaia albisteak