Politika -
Ekaineko Euskobarometroa
EAJk lidergoari eutsi eta EH Bilduk bigarren tokia berreskuratuko luke
Ahal Duguk nabarmen atzera egingo luke, eta hirugarren postuan izango litzateke. PSE, baina, gertu du.
JESÚS ELORDUI | EITB.EUS
EAJk bere lidergoa sendotu eta botoen % 33,5 jasoko luke (25-26 jesarleku) EAEko autonomia-hauteskundeak oraintxe bertan egingo balira, 2015eko ekaineko Euskobarometroak adierazten duenez.
EH Bilduk, bere aldetik, bigarren postua berreskuratuko luke (2014ko azaroko Euskobarometroan hirugarren indarra izan zen) eta 18-19 eserleku eskuratuko lituzke; izan ere, boto errealen % 23,1 lortuko luke.
Ahal Duguk atzerapen nabarmena du, azken inkestekin alderatuz gero. Ekaineko Euskobarometroak baliozko botoen % 15,1 ematen dio, 11-12 eserleku.
Ahal Dugutik gertu, puntu erdira, PSE-EE laugarren postuan kokatuko litzateke. Botoen % 14,5 jasoko luke eta 10-11 eserleku izango lituzke.
PPk EAEn dituen emaitzek, aldiz, txarrera jotzen jarrai lezakete; herrialde guztietan jasango luke atzerakada, eta bosgarren tokira jaitsiko litzateke. Zortzi eserleku eta botoen % 8,1 jasoko luke.
IU/Ezker Anitzak, UPyDk eta Ciudadanosek ez lukete lortuko Legebiltzarrean sartzea, ekaineko Euskobarometroaren arabera. Parte-hartzea % 65 ingurukoa izango litzateke.
Bestalde, elkarrizketatuen ia % 70ek zehazturik dute euren botoen hobespena; % 25ek, aldiz, diote ez dutela asmo zehatzik hauteskundeei begira.
EAJk du boto-fideltasunik handiena, % 82; haren atzetik kokatzen dira EH Bildu (% 78rekin), PSE-EE (% 71rekin) eta PP (%44rekin).