Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sanchezek bizikidetzarako esparruak bilatuko ditu ETA desagertutakoan
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek sozialisten buruzagiak. “ETAk desagertu egin behar du”, adierazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak adierazi duenez, “Espainiako presidente izatera heltzen banaiz, ez dut ETA desagertu baino lehen inongo pausorik emango”. ETA desagertutakoan, berriz, bizikidetzarako esparruak bilatuko dituela gaineratu du Sanchezek.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek sozialisten buruzagiak. “ETAk desagertu egin behar du, eta oraintxe bertan hori besterik ez zaio eskatu behar taldeari”, adierazi du. “Desagertu beharra du”, gaineratu du.
Datozen hauteskundeak irabaziz gero, “euskal autogobernuan atzerapenik ez” dela izango azpimarratu du Pedro Sanchezek. Sozialistak bultzatzen ari diren konstituzioaren erreformaren baitan horrelako aldaketarik ez dela izango esan du.
“Gure alderdiak ez du Kontzertu Ekonomikoaren eta Euskal Kupoaren bideragarritasuna ezbaian jarri, Euskadiren berezitasun hori onartzen baitu”, gaineratu du.
EAJk babesten duen Espainiaren eta Euskadiren arteko aldebiko erlazioei buruz ere galdetu diote Sanchezi. “Erreforma konstituzionalaren garai honetan, aurrera egin ahal izateko, eta ez banatzeko, kontsentsuak jarri behar dira mahaiaren gainean. Ikusiko dugu”, zehaztu du.
Katalunia ere izan du hizpide, eta Mariano Rajoyk erabili duen estrategia kritikatu du. Sanchezen ustez, horrek egoera “enkistatu” du. PSOEk “ezin du ulertu” Espainiarekin hautsi nahi izana. “Ez dugu Kataluniaren independentzia inondik inora onartuko”, gaineratu du.
Urkullurekin bilera
Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilduko da Pedro Sanchez eguerdian. Sozialisten buruzagiak beharrezkotzat jo du bilera, eta, bere ustez, Urkullurekin ondo ulertuko dela gaineratu du.
“Euskadik eta Espainiak dituzten desafioez” hitz egingo dutela esan du Sanchezek. “Langabezia, haur-txirotasuna eta hitzarmen konstituzionala berritzeko beharra” izango dituztela hizpide nabarmendu du.
Sozialistei EAJ aliatu bezala edukitzea interesatzen zaiela esan du Sanchezek. Espainia federala nahi duela gaineratu du, “denak eskualde ezberdinen dibertsitatean eta aniztasunean elkartuta egongo direna”.
Nafarroako gobernu berriaz ere hitz egin du. Sanchezen aburuz, “PSNk gobernu berrian parte hartzea planteatu ezina da”, eta “Nafarroan etorkizun politiko zaila” ekarriko duela iragarri du.