Politika -

Auzitegiak

Txarli Prietoren (PSE) aurkako salaketa ikertuko du EAEko auzitegiak

Prietoren enpresak Arabako sozialisten egoitzetan egindako lanak benetan egin edo diru-laguntzak ez galtzeko dokumentuak faltsutu egin ote zituen ikertuko du.

Txarli Prieto, PSE Araba
Txarli Prieto, PSE Araba
Txarli Prieto, PSE Araba

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruzurra egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzita, EAEko fiskalburuak Txarli Prieto Arabako PSEren idazkari nagusi ohi eta legebiltzarkidearen kontrako salaketa ikertuko du EAEko Auzitegi Nagusiak.

Zibileko eta Zigor-arloko Salak uztailaren 9an idatzitako eta gaur kaleratutako autoan, Txarli Prietoren enpresak PSEk Araban zituen egoitzetan egindako lanak ikertzea ebatzi du auzitegiak. Victor Garcia Hidalgo Arabako PSEren Antolaketa idazkariaren kontrakoa ere bada salaketa, autoan zehaztu duenez.

Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak salaketa aurkeztu zuen ekainean Prietoren kontra, salatzaile anonimo batek apirilean aurkeztutako bat oinarri hartuta.

EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, Prietoren enpresak Arabako egoitzetan egindako lanengatik aurkeztutako fakturetan (ia 50.000 eurokoak) iruzurra egon ote den ikertu behar da, orain arte batutako datuekin ezin baita hori egiaztatu.

Hain justu, fakturok egoitzetan "zinez egindako lanei dagozkien" edota salatutakoek "irabazi asmoz" faltsututako dokumentuak diren argitu beharko du auzitegiak. Azken horren atzean,  terrorismoaren kontrako borrokan PSOEk urtero "segurtasun gastuei aurre egiteko" emandako diru-laguntzak ez galtzea zegoen.

Salaketaren berri jakin zuenean, "segurtasun eta konfiantza" arrazoiak argudiatu zituen Prietok lanok justifikatzeko orduan.

Victor Garcia Hidalgori dagokionez, gaur egun Arabako sozialisten Antolaketa idazkaria da. 2004-2006 urteen artean Poliziaren zuzendari nagusi izan zen eta Faisan auzian inputatu zuten (azkenean prozesutik kanpo geratu bazen ere).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal sozialistak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak