Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Mendia: 'Interesgarria izango litzateke EAJk eta PSOEk ituna sinatzea'

Gainera, horren esanetan, alderdi jeltzaleak Konstituzioaren balizko erreforma batean parte hartzea "oportunitatea izan liteke Espainiarentzat".

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. EiTB
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. EiTB
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, "interesgarria" izango litzateke EAJk eta PSOEk ituna sinatzea hurrengo legegintzaldian. Gainera, alderdi jeltzaleak Konstituzioaren balizko erreforma batean parte hartzea "oportunitatea izan liteke Espainiarentzat", gaineratu duenez.

Bestalde, buruzagi sozialistak baieztatu du Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia hilaren 17an batzartuko direla, "topaketa instituzional batean".

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketan, Mendiak hizpide hartu du Urkulluk PSOErekin akordioa lortzeko agertutako asmoa. Horren ildotik, "beti da interesgarria euskal nazionalismoak akordio aukerak eskaintzea sozialistek proposatu nahi dituzten gai askotan", iritzi dio.

Mendiak gogorarazi duenez, PSOEk Konstituzioa erreformatzea proposatu du, eta, horregatik, "garrantzitsua" da alderdi guztiek, "nazionalistek barne", parte hartzea, "hurrengo 30-40 urteetako bizikidetza markoa adosteko".

EAEko sozialisten buruak Kataluniako egoera jarri du adibide gisa: "enfrentamenduak daude eta Espainiako Gobernuak ez du hitz egiteko asmorik erakutsi". Horregatik, "ona litzateke elkarrizketak, topaketak eta akordioak bilatzea". "Gainera, gu erreformaren aldekoak gara, erakundeen arkitektura hobetu daitekeela uste baitugu", erantsi du.

Nolanahi ere, EAJk PSOErekin sina lezakeen akordioak eta EAEn PSE-EErekin egindakoak ez dutela zerikusirik ohartarazi du. "Gauza eta esparru ezberdinak dira", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak PSOE Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea PSE-EE berriak