Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'ETAren garaia ixteko inplikazio gehiago' eskatu dio Quirogak Rajoyri
Nolanahi ere, gobernuburuaren jarrera zuritu du Euskadiko PPren presidenteak, Espainiako "egoera zailari aurre egin behar ziolako".
Agentziak | Erredakzioa
"ETAren garaia ixteko" Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak "inplikazio gehiago' erakustea nahiko luke Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean agertu duenez, "egia esan, gustatuko litzaidake garai hori ixteko inplikazio gehiago erakutsi izana. Terrorismoaren aurrean gizarteak irabazi duela publikoki adierazi behar genuen Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, PSOEk, PPk eta nahi zuen orok". Dena dela, "oraindik garaiz gabiltza eta zuzentzea badago", nabarmendu du.
Nolanahi ere, gobernuburuaren jarrera zuritu du, "Espainiaren egoera zailari aurre egin behar ziolako, eta ez zuelako afera politikoei heltzeko denborarik".
Quirogaren hitzetan, Rajoyk berak adierazi zion "beharrizan horien" jakitun zela, baina "porrot egiteko zorian zegoen nazioa salbatzeko lanetan ari zen buru-belarri", beste kontuetarako denborarik gabe.
Rajoyren gobernu berrian Euskadiko PPren kideak sartu izanak egoera horri buelta ematen lagunduko diola uste du Quirogak, eta Euskadiko PPren gogoetak eta beharrizanak presente izango dituztela, halabeharrez.