Politika -
Presoen sakabanaketa
Uriarte: 'Ez zaie mendeku politika aplikatu behar preso eta senideei'
Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiaren iritzian, ezin da presoen inguruan "mendekuan oinarritutako irizpidea" izan, "delitu politikoak edo delitu arruntak" egin gorabehera.
Agentziak | Erredakzioa
Roberto Uriarte Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, ez zaie "mendeku politika aplikatu" behar ETAko presoei ez haien senideei. Uriarteren ustean, ezin da "mendekuan oinarritutako irizpidea" izan, "delitu politikoak edo delitu arruntak" egin gorabehera.
Pablo Iglesiasen adierazpenen ondotik mintzatu da Uriarte; Iglesiasek esan duen "arazo politiko larria" dela ETAko 400-500 preso egotea haien senideengandik ehunka kilometrora".
Radio Euskadik egindako elkarrizketa batean, Europa Pressen arabera, Ahal Dugu Euskadiren ordezkariak esan duenez, "ezin daiteke egon mendekuan oinarritutako irizpidea, presoei dagokionez, egin dutena gorabehera eta delitu politikoak edo delitu arruntak" egin gorabehera.
Horren ildotik, "tragedia handia da kartzelan, zoroetxean, errefuxiatuen zentro batean dagoen pertsona bakoitzaren kasua, askatasunik gabe, pertsona horrek dituen erantzukizunak alde batera utzita, presoen kasuan bezala", erantsi du.
Era berean, Uriarteren hitzetan, "gizarteak mendekari ez izateko beharra dauka, mendeku politikak ez aplikatzea, ez bakarrik presoei dagokienez, baizik eta, kasu honetan bezala, presoen senideei dagokienean ere bai".
Halaber, Uriarteren ustean, "horren moduko politikek, esaterako, sakabanaketa eta presoen familiak kaltetzeko politikek, ez dut ezer onik ekarri". Halere, Ahal Duguren idazkariak esan du ez dakiela sakabanaketa "mendekua" den, edo "helburu jakin batzuekin egindako politikak". Edonola ere, "ez da politika errukibera, birgizarteratzea helburu duena, eta hori da, hain justu, Konstituzioaren ildoa".
"Konstituzioa da Lege gorena, birgizarteratzea bilatzera derrigortzen du, eta ez dut uste birgizarteratzearen bidetik doanik", gaineratu du.
"Nazkagarria", dio Iglesiasek
Bestalde, Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak esan du "nazkagarria" dela "batzuek ETAko biktimen samina botoak irabazteko erabiltzea edo arerio politikoei eraso egitea" eta terrorismoaren kontrako gaitzespena berretsi du.
"Galdera iraingarria da, erabat", erantzun du Iglesiasek TVEk egindako elkarrizketa batean eta ETAren terrorismoa gaitzesten ote duen galdetuta. Gaineratu duenez, "batzuk oso urduri daude" ETAren inguruan egindako adierazpenak zalantzan jarrita, eta gaur berriz ere esan du euskal gatazkaz, bere osotasunean, ari zela, eta ez soilik presoen familiez.
"Euskal arazoa arazo politiko tragikoa dela espainiarrentzat ondo baino, hobeto dakite ETAko biktimek, hori argi dago", esan du Podemosen liderrak gaur. Gainera, sakabanaketa "salbuespena eta familiak kaltetzen ditu, nolabait", bere ustean.