Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Aginagaldek bere bertsioari eutsi dio, Carrasco ez zuela hil esanaz

Iaz, Auzitegi Nazionalak Carrascoren hilketaz absolbitu egin zuen Aginagalde, 'proba nahikorik ez' zegoelako. Gorenak epaiketa berriro egitea eskatu zuen.

Beñat Aginagalde, iazko epaiketan.
Beñat Aginagalde, iazko epaiketan.
Isaias Carrasco berak ez zuela hil esan du berriz Beñat Aginagaldek

1:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi ohi sozialistaren hilketa egotzita, Beñat Aginagalderen kontra berriro abiatu du epaiketa Auzitegi Nazionalak. Iaz, absolbitu egin zuen, proba faltagatik, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpena eta berriro epaiketa egitea agindu zuen; Gorenaren iritzian, ez ziren behar bezala kontuan hartu bi lekukok Aginagalderen argazkia ikusita egin zituzten deklarazioak.

Aginagaldek lehendabiziko epaiketan esandakoak berretsi ditu: Carrasco hil zutenean, EHUko Medikuntza fakultatean, Donostian, azterketa bat egiten zegoela esan du. Ondoren, lagun batekin Hernanira joan zela, eta jatetxe batean bazkaltzen zegoela izan zuela hilketaren berri, telebista bidez, berretsi du.

Oraingo honetan, epaimahaia beste hiru magistratuk osatutzen dute:  Alfonso Guevara, Carmen Lamela eta Clara Bayarri epaileek, hain zuzen. Fiskalak 32 urteko kartzela zigorra eskatu du Aginagalderentzat.

Gorenaren ustez, babes judizial eragingarriaren eskubidea urratu zen 2008ko epaiketan, akusatuaren lekuko batek egindako identifikazio bat froga gisa baztertzeagatik. Carrascoren familiak helegitea aurkeztu zuen froga hori onartu izan balitz, Aginagalde zigortu ahal izango zela argudiatuta. Fiskalak ere bat egin zuen orain Gorenak bere egin duen argudioarekin.

Gaurko epaiketan defentsaren galderak bakarrik erantzun ditu Aginagaldek. Carrascoren alabak eta alargunak ere deklaratu dute gaurko saioan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Auzitegi Gorena