Politika -
Podemos
Juan Carlos Monederok dimisioa eman eta Podemosen zuzendaritza utzi du
Programa egiteko zuen lana amaitu ostean aurkeztu dio dimisioa Pablo Iglesiasi, eta horrek onartu egin du.
agentziak | erredakzioa
Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiak iragarri du alderdiko hirugarrenak, Juan Carlos Monederok, dimisioa aurkeztu diola eta onartu egin duela, behin programa osatzeko lanak eginda.
Monederok gaur bertan egin dioten elkarrizketa batean agertu du atsekabea Podemos hartzen ari zen norabidearekin, gainerako alderdien antza hartzen ari dela uste duelako, eta alderdiaren jatorrira eta sustraietara itzultzeko beharra aldarrikatu du.
"Baliteke Juan Carlos ez izatea alderdiko gizona, hegan egin behar duen intelektuala baita", adierazi du Podemosen idazkari nagusiak, alderdi politiko bateko zuzendaritzan egoteak batzuetan "hegalak zabaltzen" ez duela uzten aitortu aurretik.
Iglesiasek azaldu duenez, ados jarri dira Monedero eta biak, eta Podemoseko zuzendaritzaren "presiotik" kanpo jarraituko omen du lanean, "ardura organikoen pisurik gabe".
"Laguntasunak eta elkarlanak aurrera jarraitzen du", azpimarratu du Iglesiasek, nahiz eta aitortu ez duela bat egiten Monederoren gogoeta batzuekin. Hala ere, horrek ez omen du "ezer aldatzen" eta “erabat baliagarriak" direla uste du.
"Monederoren irizpide kritikoa ezinbestekoa da niretzat eta guretzat, alderdi politiko gisa. Ziztada hori behar dugu, eta Juan Carlos hegan behar dugu, hoberen egiten duena egiteko askatasun osoz", gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, Monederoren kritiketan sumindura antzeman du, baina "bere dimisioaz hitz egiten dudanean ere sumindura nabaritzen da", adierazi du Iglesiasek, Monederok alderdiaren zuzendaritzan egoteagatik zentimorik ere ez duela kobratu jakinarazi aurretik.
Erreakzioak Twitterren
"Nire lagun Pablori dimisioa aurkeztu diot zuzendaritzan. Horren handia den horrekiko laguntasunak eta Podemosekiko konpromisoak irmo dirau", adierazi du Monederok Twitterren.
Sare sozial horretan bertan, Podemosen kontu ofizialak eskerrak eman dizkio Monederori "egindako lan handiagatik", eta azpimarratu du alderdiak aurrera jarraituko duela "geroz eta jende gehiagori ilusioa egiten dion" aldaketa proiektuan.