Politika -
Informazio sekretuak
Filtrazioak zigortu behar ote diren aztertzeko deia egin du Catalak
Hala ere, gaia ez dagoela Espainiako Gobernuaren agendan zehaztu du, eta gogoeta irekitzea dela bere helburua.
agentziak | erredakzioa
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak sekretupean dauden sumarioen inguruko informazio judizialen filtrazioak eta hedabideen argitalpenak zigortu behar ote diren aztertzeko deia egin du, errugabetasun presuntzioa defendatzeko helburua aitzakia hartuta.
"Eztabaidatu eta gogoeta egin beharko genuke kontrolak non jarri erabakitzeko: informazioaren transmisioan edo argitaratzen duen hedabidean", adierazi du.
Kazetari batek ikerketa judizialen konfidentzialtasuna nola berma litekeen galdetu dionean eman du Catalanak erantzun hori. Izan ere, ministroarentzat oso zaila da konfidentzialtasuna ziurtatzea, baina aukeretako bat "filtrazioa egiten duenari zigor egokiak jartzea" izan litekeela uste du, edo jomugan argitaratzen duen hedabidean jartzea.
Dena dela, Catalak aitortu du ez dagoela egungo marko juridikoan, eta ez dagoela Espainiako Gobernuaren agendan.