Politika -
Erabakitzeko eskubidea
2016an galdeketa bat egiteko eskua luzatu dio EH Bilduk EAJri
Euskadik erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko “azken hamarkadetako aukerarik onena” duela adierazi du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak. Jarrera argitzeko eskatu dio Arraizek EAJri.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadik erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko “azken hamarkadetako aukerarik onena” duela adierazi du gaur Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak. Horregatik, 2016an galdeketa bat egiteko eskua luzatu dio Sortuko presidenteak EAJri.
EH Bilduk proposatuta erabakitzeko eskubideaz eztabaidatuko du Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan. Arraizek prentsaurrekoa eman du gaur. Jarrera argitzeko eskatu dio Sortuko presidenteak EAJri. Jeltzaleak legealdi honetan subiranotasunaren bidea egiteko prest dauden esateko eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri.
Erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko akordio demokratiko batekin nahikoa den edo akordio barneratzailea izan behar den galdetu die Arraizek jeltzaleei. Akordioak EAJ eta EH Bilduz gain, PSE-EE barneratu behar ote duen galdetu du Sortuko presidenteak.
Zentzu horretan, EAJren mezu “kontraesankorrak” kritikatu ditu Arraizek. Horretarako, Juan Jose Ibarretxe eta Iñigo Urkullu lehendakarien hitzak adibide gisa jarri ditu EH Bilduko legebiltzarkideak. Arraizen ahotan, Ibarretxe akordio demokratiko baten aldekoa da eta Urkulluk, aldiz, akordio barneratzaile baten aldeko apustua egiten du.
PSE-EEk “erabakitzeko eskubidea ukatzen du”
PSE-EE “erabakitzeko eskubidearen aurka” dagoela ohartarazi du Arraizek. “Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea ukatzen duen alderdi politiko batekin zer akordio barneratzaile mota egin daiteke”, galdetu dio Sortuko presidenteak Urkulluri.
EAJ eta EH Bildu erabakitzeko eskubidearen alde baldin badaude, bi taldeek gehiengoa dute Legebiltzarrean Euskadin kontsulta bat aurrera eramateko, legebiltzarkide abertzaleak gogorarazi duenez. Bi indarrek dituzten 48 eserlekuak akordio demokratiko bat lortzeko nahikoak ez diren galdetu die Arraizek jeltzaleei.
EAJren zuzenketa
Bestalde, EAJk zuzenketa bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Kontsulta baten bidez “Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna” duela aldarrikatu dute jeltzaleek. Galdeketaren emaitza “errespetatu” behar dutela gaineratu du EAJk zuzenketan.
Gainera, alderdien arteko akordio “zabalak” lortu behar dituztela defendatu dute jeltzaleek, baina ezinezkoa balitz, “gehiengoaren borondatea errespetatu” beharko luketela erantsi dute.
Horrela, bere jarrera azaltzeko EH Bilduren mozioari osoko zuzenketa aurkeztu dio EAJk.