Politika -
Hitzaldia Erandion
Ertzaintzak segurtasun pribatua jihadismoaren aurka trebatu du
Bost orduko iraupena izan du konferentziak eta Ertzaintzaren egoitza zentralean eman dute. 64 enpresako 93 arduradunek parte hartu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Islamismo erradikalaren eta bere arriskuen inguruko heziketa-saioa eman dute gaur Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Zentraleko adituek. Euskadiko segurtasun enpresa eta erakundetako ia ehun zuzendari eta arduradunei hitzaldia eman diete.
Batzarraren berri agiri baten bidez eman du Segurtasun Sailak. Mehatxu terroristaren inguruan segurtasun pribatuko sektorea osatzen duten kide guztiei prestakuntza ematea zen helburua. Era berean, Ertzaintzarekin lankidetza sendotu nahi dute.
Guztira, segurtasun pribatuko 4.350 zaindari erregistratu ditu Ertzaintzak Euskadin.
93 pertsona
Bost orduko iraupena izan du konferentziak eta Ertzaintzaren egoitza zentralean, Erandion (Bizkaia), eman dute. 64 enpresako 93 arduradunek parte hartu dute. Segurtasun enpresetako zuzendariak eta banku, merkataritza-gune, aisialdirako zentro eta garraio enpresetako hainbat goi-kargudun bertan izan dira.
Euskadi ?nazioarteko terrorismoaren mehatxutik salbu? ez dagoela azpimarratu dute Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Zentraleko adituek hitzaldian, eta ?Al-Qaida edo Estatu Islamikoa fenomeno globalak? direla erantsi dute.
Gainera, 2004ko M-11 erasoetan, Madrilen, edo Siriara borroka egiteko joan diren Euskadiko bizilagunen zenbait kasu gogorarazi dituzte konferentzian.