Politika -

Dokumentua

Bake prozesuan aurrera egiteko testu berria igorri dio Sortuk EAJri

Hala ere, bigarren testu batean, EAJren jarrera “inposatzailea” salatu du. Negoziazioak porrot egingo duela dio ezker abertzaleak bigarren dokumentu horretan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bake eta bizikidetza prozesuan aurrera egiteko asmoz, dokumentu berri bat igorri dio Sortuk EAJri aste honetan. Hala ere, bigarren testu batean, EAJren jarrera “inposatzailea” salatu du. Negoziazioak porrot egingo duela dio ezker abertzaleak bigarren dokumentu horretan.

Efe agentziak jakitera eman duenez, hiru folioko dokumentua igorri dio aste honetan Hasier Arraizen alderdiak EAJri, "elkarrekin bake eta bizikidetza prozesuan aurrera" egiteko eskatuz. Bien bitartean, alderdi barruko testu batean, Lehendakaritzaren eta EAJren estrategia gogor kritikatzen du Sortuk. Izan ere, PPrekin lerrokatzea egozten dio ezker abertzaleak EAJri.

Lehenengo testuan, Aieteko Konferentziaren Adierazpena aintzat hartuta, elkarrekin aurrera egitea proposatzen dio Sortuk EAJri. Bigarrenean, aldiz, Ortuzarren alderdiak ibilbide-orri hori baztertu egin duela salatzen du Sortuk.

Aieteren inguruan mespretxuz hitz egitea eta proposamen horren aurka aritzea egotzi dio Sortuk Iñigo Urkullu lehendakariari. “Hasiera-hasieratik, Aieteko Konferentziak ezarritako ibilbide-orria leherrarazi nahi izan du”, erantsi du.

Azken urtean, Lehendakaritzak egin duen gauza bakarra “ezker abertzaleari eraso egitea” izan dela nabarmendu du Sortuk. “Eta horrek akordioak lortzeko aukerak murriztu egiten ditu”.

Jaurlaritzak bake prozesuaren inguruko proposamenak “inorekin kontsultatu gabe” aurkeztea ere kritikatu du ezker abertzaleak.

Hala ere, alderdiaren barne-testu horretan, Sorturen jarrera “eraikitzailea” izango dela adierazten dute, nahiz eta “EAJk akordioak lortzeko borondaterik ez erakutsi”.

Bake eta bizikidetzaren alorrean bidalitako testuan, Estatuko Segurtasun Indarrak Euskal Herritik ateratzeko “egutegia” proposatu dio Sortuk EAJri, “euskal lurraldeen desmilitarizazioa lortzeko bidean”.

Espetxe-politikari dagokionez, presoak hurbiltzeko aurrerapausoak emateko eskaera egiten dio EAJri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sorturen albisteak Hasier Arraiz albisteak ETA gaur