Politika -
Hiriko auzia
'Hiriko auzia'n kaltedun gisa aurkeztuko da Jaurlaritza
Arantza Tapia sailburuak Legebiltzarrean egin du iragarpena. Azaldu duenez, Ganberak egindako eskaera bete egingo du gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza kaltedun gisa aurkeztuko da 'Hiriko auzia'n. Arabako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen auto elektrikoaren proiektuaren sustatzaileen kontra, funts publikoak desbideratzea eta dirua zuritzea egotzita.
Eusko Legebiltzarrean egiten ari den gobernuaren kontrolerako saioan egin du iragarpena Tapiak, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez.
Sailburuak agertu duenez, Jaurlaritzak "errespetu handia dio Legebiltzarrari", eta hori horrela, ganberak apirilaren 16an egindako eskaerari men egingo dio eta auzian pertsonatuko da.
Egun hartan, EAJ ez beste taldeek auzian kaltedun gisa aurkezteko galdea egin zioten Jaurlaritzari, PSE-EEk eta UPyDk sinatutako zuzenketa transakzional batean.
Horrez gain, proiektu honi emandako diru-laguntzak bidegabe erabili zirela frogatzen bada, horiek errekuperatzeko "eginahalak" egiteko eskatu zioten alderdiek Urkulluren gobernuari.
Azkenik, "oraindik zorretan duten dirua jaso ez duten" Hiriko proiektuaren langileekin biltzeko eta balizko epaiketan euren eskubideak defendatzeko deia egin zion Legebiltzarrak Jaurlaritzari.