Politika -
Auzitegi Nazionala
Mardarasek dio ez zuela PSEren egoitzaren aurkako erasoan parte hartu
Abokatuak akusatuaren absoluzioa eskatu du, fiskalak aurkeztutako froga bakarra Ibai Beobidek Guardia Zibilaren torturapean esandakoa dela argudiatuta.
AGNTZIAK | ERREDAKZIOA
Oihana Mardaras ETAko kideak ukatu egin du 2008an PSE-EEren Bilboko egoitzaren kontrako atentatuan parte hartu izana. Fiskalak 66 urteko kartzela-zigorra eskatzen du aipatu erasoarengatik.
Mardaras 2009ko ekainaren 30ean atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta Parisko Auzitegiak lau urteko kartzela-zigorra ezarri zion erakunde armatuko kide izatea egotzita. Auzitegi Gorenak, berriz, absolbitu egin zuen aurreko astean EITBren Bilboko egoitzaren kontrako atentatuaren harira.
Susana Landeras fiskalak Auzitegi Nazionaleko epaiketan salatu duenez, Mardarasek parte hartu zuen 2008ko apirilaren 17ko atentatu horretan. Sei ertzaina eta Itziar Moreno eta Ibai Beobide ETAko kideak zauritu ziren erasoan. Beobideri 57 urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten atentatu horrengatik.
Abokatuak akusatuaren absoluzioa eskatu du, fiskalak aurkeztutako froga bakarra Ibai Beobidek Guardia Zibilaren torturapean esandakoa delakoan. Beobidek lekuko gisa deklaratu du gaur, eta berretsi egin ditu instrukzio epailearen aurrean salatutako torturak.