Politika -

Zuzendaritza nazionala

Garrantzia ez duten gaietan arreta ez galtzeko eskatu dio Rajoyk PPri

Maiatzeko hauteskundeei begira kanpainaurrea abiatuko du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, PPko buruzagiak biltzen dituen Zuzendaritza Batzorde Nazionala elkartuta.

'Batasunerako deia' egin die Mariano Rajoyk PPko buruzagiei

1:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garrantzia ez duten gaietan "arreta ez galtzeko" eta susperraldi ekonomikoa lortu eta hauteskundeak irabazteko "ahaleginak" egiteko eskatu die gaurMariano Rajoy Espainiako presidenteak PPko buruzagiei.  PPko zuzendaritza nazionala batzartu da gaur goizean Madrilen, maiatzeko hauteskundeei begira jarraitu beharreko estrategia aztertzeko xedearekin. Rajoyk azpimarratu duenez, herritarren kezka diren gaiak jorratu behar ditu alderdiak, eta ez "interesa edo garrantzia ez duten beste batzuk".

Hauteskundeak "alderdiaren siglei esker" irabaziko dituztela nabarmendu du Rajoyk, PPren ibilbidea eta "gaitasuna" ezaguna baita, nahiz eta askok gustuko ez izan. "Herrialde honen egoera ekonomikoari buelta ematea lortu dugu", gaineratu du. "PPri botoa ematea ez da esperimientuak egitea edota erruletara jolastea; ez gara koadrila edota eztabaida talde bat, eta ez ditugu siglak aldatzen dituzten hautagaiak kafetegietan bilatzen. Bere burua berritzen jakin duen alderdi bat gara", esan du.

PP "batuta" dagoen alderdia dela eta, hortaz, ez duela "batasunerako deirik" egin behar azpimarratu du presidenteak. Horrez gain, PPko buruzagiak "arduratsuak" direla esan du.

'Abentura ezezagunak'

Bestalde, Espainiako Gobernuan PSOEk egindako "burugabekerien" gainetik, "benetako aldaketa" 2011n iritsi zela adierazi du (PP Gobernura iritsi zenean, alegia). "Ezinegona piztu dezaketen abenturen alde ere ez dugu egin behar, martxan dagoen susperraldia arriskuan jarri dezaketelako". Gaineratu duenez, esperientzia falta ez da inoiz baikorra izaten, "are gutxiago 47 milioi herritarren ongizateaz ari garenean".

Buruzagi gehienak joan dira

Maiatzeko hauteskundeei begira, kanpainaurrea abiatu du gaurkoan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, PPko buruzagiak biltzen dituen Zuzendaritza Batzorde Nazionala elkartuta.

Andaluziako porrotaren ondoren, PPko agintari gehienak ez ziren Batzorde Exekutiboko bilerara joan, Maria Dolores de Cospedal izan ezik.

Gaur, baina, erkidego gehienetako presidenteak bilerara joan dira: Alberto Fabra (Valentzia), Jose Antonio Monago (Extremadura), Alberto Nuñez Feijoo (Galizia) eta Alberto Garre (Murtzia). Agertu ez direnen artean, Jose Ramon Bauza Balearretako presidentea eta Juan Ignacio Diego Kantabriako agintaria daude.

Esperanza Aguirre (Madril), Arantza Quiroga (Euskadi), Juan Manuel Moreno (Andaluzia) eta Alicia Sánchez-Camacho (Katalunia), besteak beste, Madrilgo bilerara joan dira.

2013ko apiriletik egiten duten aurreneko bilera izango da gaurkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainako Gobernuaren presidente ohia