Politika -
Aberri Eguna
Rajoyk EAJri: 'Espero den aldaketa bakarra ETA desegitea da'
Rajoy gobernu independente baten presidentea da edo Bruselatik esaten al diote zenbateraino zorra izen behar duen? Subiranotasuna eta independentzia zalantzan jarrita daude", esan du Ortuzarrek.
AGENTZIAK
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea EAJri zuzendu zaio gaur, eta esan dio "espainiarrek espero duten aldaketa nabarmen bakarra" ETAk "desegitea" iragartzea dela.
Radio Nacionalen egindako elkarrizketa batean, Rajoyk hizpide hartu ditu atzo EAJko hainbat buruk (Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, kasu) Aberri Egunean egindako adierazpenak.
"ETA erakunde terrorista gisa desegitea da esperotako aldaketa", berretsi du Rajoyk.
Urkulluk Autonomien Estatua agortuta dagoela esan zuela eta, Rajoy sistema horren alde agertu da, eta azken urteetan "ondo funtzionatu" duela adierazi du.
"Euskadik ez du inoiz izan horrenbeste autogobernu maila", nabarmendu du.
Ortuzarrek immobilismoaren aurka egin du
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak ziurtatu duenez, ezker abertzaleak aurrerapausoa eman eta autokritika egin beharko luke, Rajoyren Gobernuko "immobilismoak" ezin baita haientzat "aitzakia izan euren immobilismoari heltzeko".
Aberri Egunaren ondorengo egunean, EBBeko presidenteak atzo esandako adierazpenen harira galdetu diote Ser irratiak egindako elkarrizketa batean: "Europako zeruan izar izatea amesten dugu eta izar izango gara Europako zeruan".
Ortuzarrek, gaur, azaldu du esaldi horrek esan nahi duela euskal herritarrek etorkizuna erabaki behar dutela eta "EAJk proposatutako proiektua Euskadi Europa Nazioa" dela.
"Gaur egun, independentzia kontzeptu erlatiboa; independentea al da Espainia? Rajoy presidentea gobernu independente baten presidentea da edo Bruselatik esaten al diote zenbateraino zorra izen behar duen? Subiranotasuna eta independentzia zalantzan jarrita daude", esan du..
PPko Zuzendaritzaren bilera
Bestalde, bihar PPko Zuzendaritza Nazionala biltzekoa dela eta, hurrengo hauteskundeei aurre egiteko "batasuna" eskatuko duela aurreratu du Rajoyk.
"Tradizionalki, PP batuta egon da eta ondo funtzionatu du, hainbat gaitan desadostasunak sor daitezkeen arren", gaineratu du.