Politika -
Polemika
Auzitegi Gorenak ikertuko du Alberto Plazaolari buruzko 'filtrazioa'
Espainiako Justizia ministroak adierazi duenez, haren Ministerioak Gorenak ikerketa amaitu arte itxarongo duela neurriak hartzeko.
Erredakzioa
Auzitegi Goreneko Gobernu Aretoak ikerketa bat abiatuko du laster, Alberto Plazaola ETAko preso ohia libre uzteko erabakia bertan behera utzi zuen ebazpena "filtratu" egin ote zen argitzeko, atzo Carlos Lesmes Goreneko presidenteak iragarri bezala. Ebazpen horrek berriz kartzelara sartzera behartzen du Plazaola, baina atxilotua izan aurretik etxetik alde egin zuen eta segurtasun indarrak oraindik ere hura aurkitu ezinik dabiltza.
Lehenik eta behin, gertatutakoari buruzko txosten bat eskatuko diote Manuel Marchena Auzitegi Goreneko Zigor Aretoko presidenteari. Dena den, iturri horiek gezurtatu egin dute Plazaolaren gaia jorratu zuten Aretoko bost kideei galdeketa egingo diotenik.
Carlos Lesmesek atzo azaldu zuenez, ikerketan filtrazioaren arduraduna identifikatzen ahaleginduko dira eta erantzukizunak eskatuko zaizkio "kasu horretan Justiziari kaltea egin zaiolako".
Lesmesen esanetan, Gorenak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak komunikazio politika "zabala" badute ere, beti kanal ofizialak jarraitzen dituzte "neutraltasun informatiboa erabiliz eta justiziaren interesak babestuz".
Gorenak Alberto Plazaolari eta Santiago Arrospide "Potros"i buruz hartutako erabakia astearte arratsaldeko ordubata baino zertxobait lehenago zabaldu zen, erabakiari buruzko berria Goreneko Prentsa sailera iritsi baino lehen.
Auzitegi Gorenak laurak eta bostak bitartean jakinarazi zion erabakia Auzitegi Nazionalari, baina Estatuko Segurtasun Indarrek 17:30ak inguruan jaso zuten Alberto Plazaola atxilotzeko agindua.
Neurriak hartu aurretik, Gorenaren ikerketa amaitu zain egongo dela adierazi du Justizia ministroak
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak ostiral honetan baieztatu duenez, haren Ministerioa Gorenaren ikerketa amaitu zain egongo da inolako erabakirik hartu aurretik. Kazetariek Plazaolaren ihesaren erantzukizuna Auzitegi Gorenarena ote den eta etorkizunean neurriak hartzea aurreikusten duten (adibidez, polizia zaintzak) galdetu diote ministroari.
"Zentzuzkoena ikerketa amaitu zain egotea da, zer gertatu den jakiteko eta neurriak hartzeko", adierazi du Catalak Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. "Ikerketaren emaitza esku artean daukagunean, neurriak hartu ahal izango ditugu", gaineratu du.