Politika -
Maiatzeko hauteskundeak
Politikari ustelen aurrean 'zorrotza' izango dela esan du Rementeriak
Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak haren lantaldea aurkeztu du eta multzoa 'ilusio eta aldaketa olatu' gisa definitu du.
Erredakzioa
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak adierazi duenez, jarrera "zorrotza" izango du ustelkeriaren "marra gainditzen" dutenen aurrean.
EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaitza aurkeztu du larunbat honetan, Mundakan, ahaldun nagusirako EAJren hautagaiaren jaioterrian; Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea eta Itxaso Atutxa Bizkaia Buru Batzarreko (BBB) presidentea ere bertan zirela.
Ustelkeria politikoari dagokionez, EAJko hautagaiak jarrera "zorrotza" izango duela nabarmendu du: "Ziur nago ez dela gertatuko, baina norbaitek marra gainditzen badu, zorrotza izango naiz. Etxera berandu, nekatuta eta ernegatuta hel gaitezke, baina beti burua goian dugula iritsiko gara. Gure seme-alabak beren gurasoez harro egon behar dute. Hori negoziaezina da", gaineratu du.
Rementeria (41 urte) abokatu ekonomialaria da eta haren hautagaitza "Bizkaia hazteko ilusio eta aldaketa olatu" gisa definitu du.
Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagai jeltzalearen hitzaldiko ardatz nagusiak ekonomia eta enplegua izan dira eta, hizketaldiaren hasieran, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, txalo egin dute.
Bizkaiko Batzar Nagusirako hautagaitza 28 gizonezkok eta 25 emakumek osatuko dute eta horien batez besteko adina 42 urtekoa da. Rementeriak azaldu dueenz, horien artean, "hamaika abokatu, sei ekonomialari, Zientzia Politikoetan lizentziatutako bost pertsona, bost kazetari, bi ingeniari, mediku bat eta lau langabe. Bai, lau langabe: Sara, Irene, Gorka eta Maria. Zuen arazoa gurea ere bada eta hitza ematen dizuet gure lehentasuna ere badela", azpimarratu du Rementeriak.
Bestalde, Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak Jose Luis Bilbao 12 urtez Bizkaiko ahaldun nagusi izan dena goraipatu du eta Diputazioa eta Bizkaia "gorenean" eta modu "eredugarrian" utzi dituela gaineratu du.
Atutxak aipatu duenez, "besteak betikora daudenean, eta atzo ikusi genuen (EH Bilduren BECeko ekitaldiari aipamena eginez), EAJ herritarren benetako arazoak konpontzen igarotzen du denbora: enplegua, ekonomia, hondakinak, garraioa eta pertsonak. Horrela sortzen baita euskal nazioa, ekintzekin eta ez hitzekin", azpimarratu du.