Politika -

'Hiriko' auzia

'Hiriko' auzian pertsonatzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

Tapia sailburuak jakitera eman duenez, diru publikoa beste ekintza batzuetara desbideratu zela frogatzen bada, Gasteizko gobernuak ez du baztertzen pertsonatzea, 'laguntzak itzultzea eskatzeko'.

2,7 milioi euro eman zizkion Jaurlaritzak Hiriko proiektuari. EFE
2,7 milioi euro eman zizkion Jaurlaritzak Hiriko proiektuari. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak nabarmendu duenez, Hiriko auto elektrikoaren auzian akusazio gisa aritzeko aukera aztertzen ari da Jaurlaritza "auzibidean diru publikoa beste jarduera batzuetara desbideratu zela frogatzen bada".

Tapiak Onda Vascari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, Arabako Fiskaltzaren idatzia ezagutu ostean, ez diete proiektuaren arduradunei bestelako azalpenik eskatu.

Sailburuak onartu du auzian akusazio gisa jarduteko aukera aztertu dutela, baina emandako laguntzak bere garaian ikuskatu zituztela nabarmendu du. "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako emandako laguntzak egoki eman ziren eta behar bezala ikuskatu zituzten", erantsi du.

"Auzibidean diru publikoa beste jarduera batzuetara desbideratu zela frogatzen bada, argi dago pertsonatu egin beharko dugula, laguntzak itzultzea eskatu beharko dugulako", esan du.

Fiskaltzaren idatzia ezagututa, proiektuaren arduradunei bestelako azalpenik eskatu ez dietela esan du Tapiak, "laguntzak emateko eta bueltatzeko prozedura amaituta" dagoelako.

"Proiektuaren jarraipen estua egin dugu... Proiektuaren helburuak bete zituzten, eta, alde horretatik, guretzat nahikoa da, baina ez dugu baztertzen auzian akusazio gisa jardutea emandako laguntzak itzultzea eskatzeko", azpimarratu du Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak.

EH Bilduk salatutakoa, Hirikoren patenteak galtzear daudela, ukatu egin du Tapiak: "Hori ez dela horrela frogatu dute, Afypaida enpresaren esku daude", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza